Sarea telebistan

Sarea telebistan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sarea-telebistan/@@download/image/2012743407sarez_1360602408.jpg
2012/07/06
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
Sarea telebistan
Konturatu garenerako, gailu elektronikoz josi dugu egunerokoa, eta hauek Sarera konektatzen ikasi dugu. 2015erako, lau telebistatik hiruk izango omen dute Interneterako konexioa.

Gaur egun ordenagailua baliatuta egiten ditugun kontu asko telebista bidez egingo ditugu etorkizun hurbilean. Albistegiak edo saio gustukoena ikusten ari garela, aldi berean, jendeak sare sozialetan komentatzen duena irakurri ahal izango dugu, baina guztia gailu beretik. Gainera, unean uneko telebista saioak ez ezik, aldez aurretik emititutakoak ere ikusi ahal izango ditugu eta, beraz, areagotu egingo da edukiak nork bere gustura kontsumitzeko ahalmena.

Bideo dei bat egiteko ez dugu ordenagailua piztu beharrik izango,
YouTube plataformako ikus-entzunezkoak edo Picasa argazki bildumetan dugun materiala kontsultatzeko ere ez dugu sofatik altxatu behar izango; urrutiko aginteko botoiek ordezkatuko dute sagua.

Sektoreko multinazionalak jo ta ke ari dira Internetera konektatutako telebista hauen garapenean. Sony eta Samsung bezalako fabrikatzaileek 'telebista adimendun' izenarekin bataiatu dituzte eta, dudarik gabe, merkatu zabala dute begi aurrean. Bestalde, Google konpainiak ere sartu nahi du muturra negozioan eta, horregatik, zetorrena ikusita,  Google TV proiektua aireratu zuen aspaldi. Azken hau Android sistema eragilean oinarritzen da eta, beraz, Play Storean (lehen Google Market izena zuena) eskuragarri ditugun aplikazioak instala ditzakegu gure telebistan.

Ez ahaztu telebista sareen sarera konektatuz gero, gure gailu guztiak elkar lotzea lortuko dugula. Hau da, gure telefono mugikorraren, ordenagailuaren eta telebistaren arteko komunikazioa zuzena eta erabatekoa izango da.
Telefonoarekin argazki bat egin eta istant berean telebista luze-zabal ikusi ahal izatea mila aukeretako bat izango da.

Izan ere, Internet jada ez da soilik ordenagailuentzako eremua. Telefono mugikorrek sarrera txartela aspaldi lortu zuten; 'kaxa tontoa' eta gainontzeko gailuak ate joka datoz. Gogoratu datua: 2015erako, lau telebistatik hiruk Interneterako konexioa izango dute.

KATXONDOENA



ApPoteo aplikazioa
Koadrilarekin poteoan paper eta boligrafo gabe bazabiltza, erabil ezazu aplikazio hau! Edari arruntenak bertan daude, eta laster zure gustukoenak ere sartu ahal izango dituzu zuen neurrirako zerrendak osatzeko.

INFORMAZIO BILA



KulturMapp Android App
Euskal Kulturara hurbilduko gaituen gida gure sakelean. Aplikazioa erabiltzen duenak gure herrietako monumentu esanguratsuak, eraikin garrantzitsuenak, gertaera historikoak edo pertsonaia ezagunenak hurbiletik ezagutzeko aukera izango du. Informazioa zehatza eta laburra da, eta guneak identifikatu eta mapetan kokatzen ditu. Gainera, argazki eta irudi zaharrei esker iraganera bidaiatzeko aukera ere eskaintzen du. Oraingoz 175 interes gune eta 400 irudi biltzen ditu.

HARRITU GAITU



Domotika
Domotikarekin (etxerako robotak) erlazionatutako gailuen ranking adierazgarri bat. Agertzen diren gailu guztiak salgai daude: aspiragailuak, oheak, hozkailuak… denak adimendunak. Robotak etxeetan sartzen ari zaizkigu!