Sare sozialetan berriketan

Sare sozialetan berriketan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sare-sozialetan-berriketan/@@download/image/20101218519sare_1361877222.jpg
2010/12/03
erreportajea
Testua: Haritz Rodriguez
Sare sozialak ia egunero ditugu hizpide, eta zer esanik ez hedabideei begiratzen badiegu. Modako gai bilakatu dira, eta ez da egun bat bera ere igarotzen komunikatzeko tresna hauen inguruko albisterik argitaratu gabe.

Ezagunena Facebook da, seguru aski. Hain zuzen ere, Mark Zuckerberg sare sozial jendetsuenaren sortzailearen inguruko filma  estreinatu da orain gutxi, eta hori ere albiste izan da, nola bestela. Badira beste batzuk, ordea.

Lantzean behin iristen zaigu komunikatzeko tresna hauen inguruko gertuagoko albisterik. Azaroko GAZTEZULOn aipatu bezala, Umap.eu Twitterreko euskarazko mezuen bilatzailea aurkeztu berri du CodeSyntax enpresak, eta Elurnet etxeak Blogariak.net abiatu du, “sare sozial blogala”. Euskaraz badira beste batzuk, hala nola, ezagutza partekatzeko Zutagu.net eta baita irakurtzen ari zaren aldizkari honek sortu zuena ere: Zulozale.com.

Berria egunkariak hainbat hilabete daramatza hausnarketan, Internetek ohiko hedabideei nola eragin dien aztertzen. Komunikazio eta kontsumo ohitura berriek molde zaharrei eragin diete eta, bidegurutze horretan, irtenbide egokienaren bila ari da euskara hutsezko egunkari nazionala. Ba, beste berrikuntza askoren artean, bere sare soziala ere aurkeztu berri du hedabide euskaldunak.
Berriketan.info du izena eta, jakina, hau ere sare sozial bat da. Bi ezaugarrirengatik ez balitz, besterik gabe igaroko zen geure ordenagailuaren pantailaren aurretik, akaso. Batetik, egunkariaren aterkipean sortu izanak badu bere garrantzia, sarean ez ezik, milaka irakurle dituelako paperean ere. Baina bada beste alderdi esanguratsu bat. Izan ere, Berria Taldeko langileak izango dira, bereziki kazetariak, sare sozialeko parte hartzaile aktiboak.

Aste gutxiko tartean 350 erabiltzailetik gora erregistratu da Berriketan.info sare sozialean. Eta haiek idatzitako mezuak Berria.info webguneko azalean agertu dira denbora tarte honetan. Bi norabideko komunikazioa sortuko da, beraz, Berriketan.info webgunean. Kazetariek albiste aurrerapenak oso azkar argitaratu ahal izango dituzte, irakurleak berehala jaso ditzan. Baina irakurleak ere bilakatuko dira eduki sortzaile, eta kazetariarentzako albiste iturri. Izan ere, sare sozialetan nork berea adieraztea bezain garrantzitsua da besteek esaten dutenari erreparatzea.

INFORMAZIO BILA


Debagoieneko komunikabideak batzeko, kudeatzeko eta hedabide berriak bultzatzeko sortutako kooperatibak, Goienak, 10 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, taldearen irudi berria eta hedabideen itxuraldaketa aurkeztu ditu. Eskualde horri buruzko informazio andana, klik batean. Goiena.net

KATXONDOENA


"Hil dezagun Barbie" goiburupeko artikulu bat egiteko sortu zen Barbie Borrokaren irudia, Rubalcaba ministroaren adierazpen batzuei  erantzun umoretsu bat emateko. Barbie horrek berezko bizitza hartu zuen Facebooken eta 800 jarraitzaile baino gehiago ditu orain. http://sustatu.com/1289407681

HARRITU GAITU



Kutiman izenaz bataiatu du bere burua, eta kanal ofiziala sortu du YouTuberen baitan. Abeslari eta talde ezberdinen bideoetatik abiatuta, zatiak moztu eta collage lan izugarria egiten du pieza musikal berriak eratuz. Ikusi, ikusi!
http://www.youtube.com/user/kutiman