Sare sozialekiko duzun dependentziak zure bizitza sexualean eragin liezazuke

Sare sozialekiko duzun dependentziak zure bizitza sexualean eragin liezazuke Informazioa bilatzeko, entretenitzeko edo harremanak izateko erabilgarriak dira sare sozialak. Euren gehiegizko erabilerak, ordea, garun osasunean ondorioak izan ditzake eta baita gure bizitza sexualean ere! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sare-sozialekiko-duzun-dependentziak-zure-bizitza-sexualean-eragin-liezazuke/@@download/image/Captura de Pantalla 2022-07-26 a las 12.50.18.png
2022/07/29

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ilustrazioa: Kevin Lau

Informazioa bilatzeko, entretenitzeko edo harremanak izateko erabilgarriak dira sare sozialak. Euren gehiegizko erabilerak, ordea, garun osasunean ondorioak izan ditzake eta baita gure bizitza sexualean ere!
Sare sozialekiko duzun dependentziak zure bizitza sexualean eragin liezazuke

Hori dio behintzat berriki burutu den ikerketa batek. Ikerketan parte hartu zutenek aitortu zuten desira murriztu egin zitzaiela eta orgasmora iristeko arazoak zituztela. 

TikTok-a errepasatzen pasatu gaua, Instagram-en sartzen aritu egun osoan zehar like-ak ikusteko... Sare sozialak funtsezko elementu bihurtu dira gehiengoarentzat. Atsegingarriak izan badaitezke ere, zenbaitetan adikzioa sortu lezakete gure ongizate emozionala eta bizitza sexuala narriatuz. Horrela dio behintzat Portugaleko Unibertsitateko Rui Miguel Costa ikertzaileak. The Journal of Sexual Medicine aldizkarian partekatu ditu ikerketan lortutako emaitzak. "Geroz eta kontzientzia handiagoa dago sare sozialak erabiltzeko moduan. Alabaina, adikzioa sortzen jarraitzen dute eta hau gertatzean gure gogo aldartea kaskartu lezake", adierazi du. Depresioa eta autoestimu baxua eragin litzake gehiegizko erabilerak. 

Horretaz gain, ikerketan behatu dute, sare sozialak modu jarraian erabiltzen dutenen artean bizitza sexuala ere narriatu egiten dela. Baieztapen hau egiaztatzeko 1.446 pertsonaren aitorpenak bildu ziren. Ohartu ziren, sare sozialekiko dependentzia handiena zutenek jarduera sexualean arazo handiagoak zituztela. 

Aitorpenen arabera, emakumeek desira gutxiago sentitzen zutela aitortu zuten, frustrazio handiagoa, orgasmora iristeko zailtasun handiagoa eta lubrifikazioa urriagoa. Gizonen kasuan, orgasmoa izateko arazoak, zakila gogortzeko arazoak eta, oro har, euren bizitza sexualarekin asebetetasun falta sentitzen zuten. 

Dena den, adituek nabarmendu nahi izan dute euren ikerketan faktore korrelazional bakarra aztertu dutela eta, beraz, ezin dela erabat baieztatu bizitza sexualean sare sozialek eraginik duten ala ez. Horregatik, gomendagarria da arazo baten aurrean aditu batengana jotzea kasua aztertzeko.