Sare sozialek FOMO-a edo zerbait galtzen ari garen sentipena indartu dezakete
Sare sozialetan sartzerakoan besteen irudi eta bideoak ikusten ditugu eta haien bidez zertan ari diren eta non dabiltzan jakiten dugu askotan. Udan, esaterako, jendea parrandan eta toki ederretan oporretan dabilela iristen zaigu. Horretaz gain, besteen bizitzetako une gogoangarriak, lorpenak eta mugarriak ere azaleratzen dira.
Horrek batzuetan gure bizitza besteenarekin alderatzea eragin lezake, eta geure burua zalantzan jartzea: zer ari garen gaizki egiten, besteen bizitza zergatik den gurea baino hobea, eta halako pentsamenduak sor daitezke.
Besteen bizitzak eta bizipenak gureekin alderatzeko joera ez da kontu berria, baina sare sozialetan etengabe gauzak erakusteak, eta maiztasun handiz erakusleiho horri begira egoteak, areagotu egin dezake jarrera hori. Iruditzen zaigu besteek guk baino gehiago gozatzen dutela bizitzaz, hobeto pasatzen ari direla, bizitza aberasgarriagoa dutela...
Hortik sortzen da FOMO (Fear of Missing Out) sentimendua, hau da, zerbait galtzeko edo zerbaitetik kanpo geratzeko beldurra. Antsietate sozial mota bat da, eta besteak esperientzia atsegingarri eta dibertigarriak bizitzen ari eta norbera horren parte ez izatearen beldur iraunkorra da.
Sare sozialak etengabe begiratzeko beharra eragin lezake, ezer ez galtze aldera, eta estresa, bakardade sentimendua, autoestimu baxua eta lo egiteko arazoak sor ditzake. Sare sozialetan ikusitakoak sentimendu hori berrelikatzen du, ordea, eta gurpil zoro batean korapilatuta egotea dakar.
Ez dugu ahaztu behar sare sozialek ez dutela errealitatea islatzen, errealitatea bertan erakusten dena baino askoz zabalagoa eta konplexuagoa baita. Gainera, gehienetan, gauzarik ederrenak erakusten ditugu, eta bestelakoak ezkutatu egiten ditugu. Gure ikuspuntua eta pertzepzioa distortsionatua dago beraz.
Horren aurrean mugak jartzea komenigarria da. Sare sozialetan pasatzen dugun denbora mugatzea eta jakinarazpenak kentzea lagungarria izan daiteke. Horretaz gain, norbera bere bizitzan egiten ari den horretan arreta jartzea eta horri heltzea garrantzitsua da, besteen bizitzekin alderatu gabe.
FOMOaren aurrean JOMOa (Joy of Missin Out) edo galtzearen pozaren inguruko lanketa egin daiteke, hau da, planak galtzearen edo gauzetatik kanpo geratzearen plazera eta lasaitasuna sustatzea. Besteak zertan ari diren begiratu gabe eta axola izan gabe, deskonektatu eta lasaitasunaz eta norbere buruarekin denbora pasatzeaz gozatzen ikastea. Poz eta bake sentsazioa berreskuratzea azken finean.
