Sardiniako bertso jarriak eta bat-batekoak entzuteko saioak izango dira egunotan

Sardiniako bertso jarriak eta bat-batekoak entzuteko saioak izango dira egunotan Emanaldiak gaur eta bihar izango dira Usurbilen eta Azpeitian, eta euskarazko bertsoak ere izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sardiniako-bertso-jarriak-eta-bat-batekoak-entzuteko-saioak-izango-dira-egunotan/@@download/image/79889sardiniax.jpg
2022/05/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Emanaldiak gaur eta bihar izango dira Usurbilen eta Azpeitian, eta euskarazko bertsoak ere izango dira.
Sardiniako bertso jarriak eta bat-batekoak entzuteko saioak izango dira egunotan

Sardiniako kantu inprobisatuaz bertatik bertara gozatzeko aukera izango dugu euskaldunok. Usurbilgo Sutegi aretoan izango da lehen emanaldia gaur, 19:00etatik aurrera, eta Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean bigarrena, bihar 22:00etan. Tra Parola e Musica - Casa di Suoni e Racconti erakundeak ekoitzitako Improvisa Una Antiga Poesia ikuskizuna da Usurbilen eta Azpeitian eskainiko dena.  

Hitzaren, musikaren eta irudien bidez, Remundu Piras Sardiniako poesia lehiaketetako cantadori handienaren inguruan Paolo Pillonca kazetariak idatzitako omenaldi barregarria aurkeztuko dute. Sardinieraz eta euskaraz, bat-bateko bertsoak, Pirasen eta euskal bertsolarien bertso idatziak, kontakizuna, musika eta irudiak uztartuko dira ordu eta erdiko emanaldian. Dionigi Bitti eta Giuseppe Porcu cantadori sardiniarrek, Tenore Murales de Orgosolo taldeak, eta Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariek hartuko dute parte.

Sarrerak bost euroren truke eskura ditzakete Bertsozale Elkarteko bazkideek www.bertsosarrerak.eus atarian, eta zazpi eurotan bazkide ez direnek. Leihatilan ere erosi ahalko dira sarrerak.

Bidaiak Bertsozale Elkarteak bere ekimenez eta elkarlanean antolatutako saio esperimentalak dira. Ohiko bertso plazatik harago, bestelako emanaldi eta saiakera berritzaileei aukera ematea du helburu, bertso plazaren formatuen ertzak zorrozteko eta zabaltzeko.