Sara Zozaya, Harkaitz Cano, Urko Olazabal eta Antton Telleriaren tailerrak izango dira Sormen Olan
Loraldiak antolatzen duen Sormen Ola programak formazio tailer teoriko praktikoa eskaini ohi du hilabetean behin. 16 eta 29 urte bitarteko gazteentzako kultur transmisio tailerrak izaten dira eta kultur munduko erreferenteak izan ohi dira saioen gidari. Bost orduko tailerrak izan ohi dira, 09:30etik 15:00etara, eta saio bakarrean edo guztietan parte hartzeko aukera dago.
Abenduan Amancay Gaztañaga sortzaileak eman zuen saioa eta urtarriletik apirilera beste lau tailer daude aurreikusita. Hilabete honetan, 27an, Sara Zozaya musikariak eskainiko du saioa, Emoziotik kantura izenburua izango duena. Musikaria izateko esperientzia kontatuko du, nola sortu den bere ibilbidea, eta nola eratu duten Merina Gris taldea.
Harkaitz Cano idazleak otsailaren 17an emango du saioa, Ideiatik narraziora: burutik eskura doan bidea izenburupean. Adibide praktikoen bidez, idazlearen sukaldeko tresnak erakustea izango da helburua. Hainbat galderaren bueltan arituko dira: "Zergatik bihurtzen dira istorio batzuk ipuin eta beste batzuk poema, batzuk komiki eta beste batzuk film? Zein estrategia erabili istorio horiek artikulatu eta hezurmamitzeko? Zein da ideia bakoitzari dagokion formarik aproposena? Zerk bihurtzen du istorio bat gogoangarri?".
Urko Olazabal aktore eta zinegilearen txanda izango da martxoaren 9an, Kamera aurrean eta atzean izeneko saioarekin. Pertsonaiaren sormenerako erabaki guztien analisia izango dute helburu, pertsonaia bakoitzarentzat bere egitura sortuz. Pertsonaiaren konposaketa, alegia.

Azkenik, apirilaren 20an, Antton Telleria aurkezle eta umoregileak gidatuko du Umorearen aurrean zutunik izeneko saioa. Umoregintzan duen esperientzia izango da tailerraren ardatza.
EHUko Bizkaia Aretoan izango dira saioa guztiak. Saioek 15 euroko kostua dute, baina doakoa da EHUko ikasleentzat. EHUko ikasleek ehukultura-bizkaia.info@ehu.eus helbidera posta elektronikoa bidali behar dute izena emateko.
Xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
