Sara Zozaya: "Abesti berriak ditugu eta hauek jendearengana iristea nahi dugu".

Sara Zozaya: "Abesti berriak ditugu eta hauek jendearengana iristea nahi dugu". Sara Zozaya-k hasierako itxialdi hura arindu zigun bere "(I)" EPko abestiak banan banan aurkeztuz hilabeteetan zehar. Bost abesti horiek oso gutxiren eskura dagoen sentsibilitate bat helarazten dute. "lili" abestiak, lore sorta eder bateko lorerik koloretsuena bailitzan berehala eskuratu zuen entzuleen arreta. Abesti elektroniko hura biluzi du donostiarrak eta gaurtik entzun daiteke "lili (reimagined)" kantu ederra. Aro berri baten amaiera ote? Zuenean Sara Zozayari berari galdetu diogu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sara-zozaya-abesti-berriak-ditugu-eta-hauek-jendearengana-iristea-nahi-dugu/@@download/image/IMG_4853.jpg
2020/11/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Sara Zozaya-k hasierako itxialdi hura arindu zigun bere "(I)" EPko abestiak banan banan aurkeztuz hilabeteetan zehar. Bost abesti horiek oso gutxiren eskura dagoen sentsibilitate bat helarazten dute. "lili" abestiak, lore sorta eder bateko lorerik koloretsuena bailitzan berehala eskuratu zuen entzuleen arreta. Abesti elektroniko hura biluzi du donostiarrak eta gaurtik entzun daiteke "lili (reimagined)" kantu ederra. Aro berri baten amaiera ote? Zuenean Sara Zozayari berari galdetu diogu.
Sara Zozaya: "Abesti berriak ditugu eta hauek jendearengana iristea nahi dugu".

(I) EPak zeresana eman du eta harrera bikaina eskuratu. Gaur bertan EP horretan azaltzen den lili abestiari erreferentzia eginez lili (reimagined) argitaratu duzu... zer eskaintzen du argitalpen berri honek?
Bertsio hau ateratzearen ideia aspalditik zebilen nire buruan. Alde batetik  'lili' omendu nahi izan dut. Abesti honek aukera asko eman dizkit, jendearengana gehien iritsi den abestia izan baita. Bestetik, gogoa nuen nire gitarrarekin soilik (edo ia) akustiko txukun bat egiteko. Momentu egokia iruditu zait. 

lili abestiak sentsibilitate berezia helarazten du, estiloen gainetik, musikaren indarra aldarrikatuz. Oraingoan abesti hau biluzi nahi izan duzu, apaindura elektronikoak alde batera utziz, zer dela eta?
Kantu honen oinarri elektronikoak ondo dator abestiaren eta orokorrean nire musikaren sentsibilitatearekin. Hala ere, esentzia horixe izanik, horretara jo nahi nuen. Besterik gabe, entzuleari nondik sortzen den abestia erakutsi nahi izan diot eta baita bizi garen mundu saturatu honi sinpletasun pixka bat eman ere. 

Abestiak Gaztea irratiko zerrendan lehen postua eskuratu du, espero al zenuen?
Egia esan, ez. Baina egia da behien lehenengo postua lortu duela ikusita ez zaidala arrotza egin. Gizakia datorrenera ohitzen gara eta espero ez nuen arren, ilusio handia egin dit horra iristea eta orain erabat barneratua dut. 

Inoiz baino azkarrago doan mundu honetan etzan eta isiltzeko agindu modukoa helarazten duzu abestian, zure musika entzulearentzat arnasgune bilakatzeko helburuarekin sortzen al dituzu abestiak?
Guztiz. Espero dut hein batean nire musikak entzuleari bere barnera joatea ahalbidetzea eta mundutik une batez deskonektatzeko aukera eskaintzea. Kanpora begira bilatu ohi dugu ongizatea, baina ez gara ohartzen askotan gure barnean lortzen dugula irribarrea. 'Etzan eta ixo, ez ondo egoteko, baizik ahazteko beharrez eta ardurez. 

Aro baten amaierako azken lorea dela aipatu duzu lili (reimagined) hau, hemendik aurrera zer?
Hemendik aurrera bide polita ikusten dut. Musikalki aberats eta inoiz baina gusturago nago dudan taldearekin. Hori da gehien betetzen nauena, ikustea, nola niregandik sortutako proiektuan beste norbait sartzeko gai den eta nola eragin dezakeen era positiboan besteengan. Abesti berriak ditugu eta hauek jendearengana iristea nahi dugu.

Bihar Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean, hirukote formatuan, diskoa aurkeztuko duzue, nolakoa izango da kontzertua eta nola ari zara bizitzen pandemiak eragindako zuzenekoen aro berri hau?
Sarrerak agortuta eta nerbioak hazten. Oso pozik hartu dut ezusteko kontzertu hau, egungo testuingurua kontuan hartuz erabat arrotz egiten zaidalako. Hala ere, orain dela gutxi tokatu zait kontzertu zaparrada bat ematea, eta horrek indarra eman dit gustura musika egiten jarraitzeko. Larunbatean Donostian, igandean Zaragozan eta astelehenean Castellonen izango gara. Horretaz gain Gazteak sariak-en egongo naiz Zetak taldearekin abesten, eta baita ondoren Hernanin ere. Pausoz pauso noa, baina azaro hau oparoa suertatu zaigu; sekulako kontraesana bizitzen ari garenarekin, zoritxarrez.