'Sara eta Paulen abenturak!' gaztetxoentzako audio-fikzioa estreinatuko du EITBPodkast plataformak datorren astelehenean

'Sara eta Paulen abenturak!' gaztetxoentzako audio-fikzioa estreinatuko du EITBPodkast plataformak datorren astelehenean Zirkura joango diren Sara eta Paul gaztetxoen istorioa kontatuko du podcastak. Sara itsua denez, lagunaren bidez izango du gertatzen denaren berri. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sara-eta-paulen-abenturak-gaztetxoentzako-audio-fikzioa-estreinatuko-du-eitbpodkast-plataformak-datorren-astelehenean/@@download/image/20220629104341_eitbpodkastsaraetapaulena_foto610x342.jpg
2022/06/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zirkura joango diren Sara eta Paul gaztetxoen istorioa kontatuko du podcastak. Sara itsua denez, lagunaren bidez izango du gertatzen denaren berri.
'Sara eta Paulen abenturak!' gaztetxoentzako audio-fikzioa estreinatuko du EITBPodkast plataformak datorren astelehenean

Uztailaren 4tik aurrera entzun ahal izango da Sara eta Paulen abenturak! gazteentzako euskarazko audio-fikzioa EITBPodkast atarian. Bernardo Atxaga idazlearen Logalea zeukan ekilibristaren kasua antzezlanaren egokitzapena egin du Iñaki Beraetxek, eta berak zuzendu du entzuteko fikzio lan hau. Lorea Intxausti, Kepa Errasti, Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Aierbe, Iñaki Beraetxe, Joxe Felipe Auzmendi eta Aintzane Gamiz dira ahots nagusiak.

EITBk aurreratu duenez, sei eta hamahiru urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta bizikidetza inklusiboa bultzatzeko asmoz sortu dute. Izan ere, Sara neska itsua da protagonistetako bat, talentu apartekoa duena eta lagunkoia dena. Paulek, berriz, jazarpen egoerak bizi ditu eskolan, bullyinga, hitz totela ere bada, baina mutil baikorra da, hala ere.  

Honela azaldu dute istorioaren nondik norakoa: "Zirkuaren karpa handia herrian jarri dutela aprobetxatuta joango dira 13 urteko bi gazteak ikuskizunaz gozatzera. Sara itsua denez, Paulen kontaketari esker ikusiko du bertan gertatzen dena, podcastaren entzuleek bezala. Ikuskizun eta ikuskizun artean, neskaren glaukoma, azterketak, gurasoen dibortzioa, ebakuntzak, seme bakarra izatea, harremanak edota bullying kontuak aterako dira".

Hamabi atal izango ditu audio-fikzioak, zortzi minutu ingurukoak, eta egunero atal bat argitaratuko dute uztailaren 4tik 15era bitarte. EITBPodkast atarian ez ezik, Spotifyn, Google Podcasts, Apple Podcasts eta Ivoox bitartez ere jarraitu ahal izango da podcasta. 

Euskarazko ipuinak uztailean
Bideopodcastak ere zintzilikatuko dituzte familia zein umeentzat uztailaren 18an. Nazioarteko idazleek idatzi eta euskarara ekarritako bost ipuin izango dira, ilustrazio animatuekin: Dortokak lo egin nahi du; Ez da munduan min handiagoa ematen duenik;
Ohean, mendi artean; Kokoriko; eta Inuiten mila zuriak. YouTuben ere ikusi ahalko dira.