Sara Azurzaren kontzertua izango da Chillida Lekun
Sara Azurzaren kontzertuarekin ospatuko dute neguko solstizioa Chillida Lekun. Emanaldia bihar izango da, hilaren 15ean, 19:00etan, Zabalaga baserrian.
Azurzak Hemen Berriro lana aurkeztu du aurten, bederatzi abestiz osatutako lana. Bizitzako ziklo emozionalaz aritu da bertan eta mota desberdinetako barne emozio eta sentimenduei zuzendutako lana da. Estiloari dagokionez pop, soul, funky eta elektronikarekin jolasten du.
Hiri ilunen umeak izeneko kantua ere kaleratu du udazkenean, irudiez lagundurik. Gau bateko hainbat eszena ageri dira kontenplaziozko begirada batetik. Artistak berak azaldu duenez, abestia konfinamendu garaian idatzi zuen eta gaueko nostalgiaz dihardu. "Gauaren xarma gogora ekartzea zen asmoa, noizbait bizi/ikusitako eszena desberdinak deskribatuz ", adierazi du.
Beste hainbat musikari izango ditu bidelagun emanaldian. Iker Lauroba teklatuan eta gitarran, Julen Barandiaran baxuan, eta Haritz Lauroba baterian.
Emanaldirako sarrerak hemen eros daitezke.
