Sara Azurzaren kontzertua Donostian larunbatean

Sara Azurzaren kontzertua Donostian larunbatean Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan joko du donostiar musikari gazteak, 20:00etan. Sarrerak salgai daude online hiru euroan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sara-azurzaren-kontzertua-donostian-larunbatean/@@download/image/2021_SARA-AZURZA_santiago-farizano-1_729x442-2-1536x931.jpg
2021/07/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan joko du donostiar musikari gazteak, 20:00etan. Sarrerak salgai daude online hiru euroan.
Sara Azurzaren kontzertua Donostian larunbatean

Sara Azurza abeslari donostiar gazteak musika emanaldia eskainiko du larunbatean, hilak 31, Donostiako Tabakalerako 4. solairuan dagoen Kutxa Kultur Terrazan, 20:00etan. Sarrerak aurrez eros daitezke online 3 euroan. Agortzen ez badira, Tabakalerako 1. solairuko informazio puntuan ere erosi ahalko dira kontzertua hasi baino ordubete lehenago. 

Azurza 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean jotzen. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin izan du, besteak beste. 2018an bere bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein. Euskarazko eta ingelesezko bost abestik osatzen dute diskoa. Berak idatzitako abestiak dira (Erlojuez Gainez izan ezik) eta Iker Laurobak ekoitziak. Pop generora hurbiltzen dira, eta oso akustikoak eta lasaiak dira.

Azken bi urteetan, bere estiloaren bila ibili da Bartzelona, Montreal eta Londresen. Abeslariak Ameriketako eta Ingalaterrako bakarlariak izan ditu beti erreferente, eta oraingoan proposamen berri batekin dator: abesti berriei soul kutsu handiagoa ematea. Donostiako kantautoreak musika erabiltzen du "bere emozio sakonenak adierazi, gurutzatu, interpretatu eta jendaurrean erakusteko".

2020ko abenduan London Weather single eta bideoklipa kaleratu zuen, hau ere Iker Laurobak ekoitzia. Maiatzean, berriz, Ez ohildu kantua kaleratu zuen. Abestiak "antsietateari edo bestelako gaixotasun mentalei buruz gogoeta egiteko aukera eman nahi du, horiek normaltzeko" eta, abestiaren izenburuan esan bezala, “haiek ez uxatzeko". Eñaut Gaztañagak grabatu eta nahastu du Gaztain Estudiosen.

"Emozioz betetako mendi errusiar batetik pasatzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak" kontzertu honekin. Kanta animatuak eta mugituak izango dira eta baita soularen erritmoaren azpiko abesti motelak eta intimoak ere.