Sara Azurzak kontzertua emango du bihar Donostian
Sara Azurza musikagile eta abeslari donostiarrak bere lehen lan luzea, Hemen berriro, aurkeztuko du bihar, ostirala, Donostian. Bederatzi abestiz osatutako lana da, bizitzako ziklo emozionalak islatzen dituena, eta mota desberdinetako barne emozio eta sentimenduei zuzendua. Estiloari dagokionez, pop, soul, funky eta elektronikarekin jolasten du.
Hemen berriro diskoko abesti ezagunena 2021ko maiatzean kaleratu zuen Ez ohildu kantua da, antsietateari buruzkoa. Bideoklipekin lagundutako beste bi kantu ere baditu lan honetan, bata Gartxot Unsainekin lankidetzan sortutako Uste ustelak eta bestea diskoaren izen bera duen abestia. Lan honetako abestirik dantzagarriena eta desberdinena da Hemen berriro, pop eta elektronika uztartzen dituena. Barbara Fernandezek zuzendu du abestiaren bideoklipa.
Zuzenekoan ez da bakarrik egongo Azurza, diskoan berarekin batera parte hartu duten musikariak izango ditu ondoan. Iker Lauroba arituko da teklatuan eta gitarran, Julen Barandiaran baxuan eta Haritz Lauroba baterian.
Kontzertua 19:30ean izango da, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Sarrera batzuk geratzen dira oraindik eta hemen eros daitezke.


