Sara Altunak, Philip Barendrechtek eta Esteban Martinek irabazi dute AEK-Korrikak antolatutako 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa

Sara Altunak, Philip Barendrechtek eta Esteban Martinek irabazi dute AEK-Korrikak antolatutako 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa Lehiaketak euskaraz doan ikasteko aldarrikapena egin eta egoera irrregularrean daudenen bizipenak ikusarazi nahi ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sara-altunak-philip-barendrechtek-eta-esteban-martinek-irabazi-dute-aek-korrikak-antolatutako-paperezko-bizitzak-ipuin-lehiaketa/@@download/image/53674605543_a5d5c0476e_c.jpg
2024/04/24

Argazkiak: AEK-Korrika

Lehiaketak euskaraz doan ikasteko aldarrikapena egin eta egoera irrregularrean daudenen bizipenak ikusarazi nahi ditu.
Sara Altunak, Philip Barendrechtek eta Esteban Martinek irabazi dute AEK-Korrikak antolatutako 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa

Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, AEK-Korrikak antolatutako Paperezko bizitzak ipuin lehiaketaren lehen edizioaren sariketa egin zuten atzo Gasteizen, Eva Forest Liburutopian. Lehiaketak bi helburu nagusi dituela azaldu dute antolatzaileek: alde batetik, "gogor salatzea euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi", eta, beste aldetik, "egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak ikusaraztea".  Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritzaren hitzetan,  "AEKri Euskal Herri osoan hiztun aktiboak sortzea dagokigun heinean, euskalduntzea edozeinentzat doako zerbitzua izan dadin aldarrikatzea dagokigu, eta egoera irregularrean dauden pertsona horiek eta haien bizipenak ere ikusaraztea".

Korrikaren arduraduna den Ane Elordik, euskararen komunitatea ekarri du gogora: "Komunitate hori zabaltzeko, indartzeko, ezinbesteko zaigu gugana heltzen diren horiek besoak zabalik har ditzagun; haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da erremintak ematea beraien bidea samurtzeko".

60 sorkuntza-lan inguru jaso dituzte eta bi lan saritu dituzte, ex aequo: Sara Aranbururen Basa mortu, arrotza abortu, eta Philip Barendrechtek eta Esteban Martinek elkarlanean eginiko Ate automatikoak. Ipuinak eta oroigarri bana jaso dituzte irabazleek.

Amaia Irureta epaimahaiko kideak nabarmendu du istorioak kontatzeko bi molde oso ezberdin daudela narrazio garaileetan: "Basa mortu, arrotza abortu ipuina testu ederra da, oso ondo landua; egileak hitz-joko asko eta askotarikoak erabili ditu bere mezua irakurleari helarazteko. Ate automatikoak ipuinean, berriz, idazleak gai izan dira irudi indartsua sortzeko eta irudi hori era egokian baliatzeko".