Santurtziko Antzerki Jaialdia bihartik aurrera abian

Santurtziko Antzerki Jaialdia bihartik aurrera abian 15 ikuskizun programatu dituzte eta horietako bat euskarazkoa izango da, Amancay Gaztañagak zuzendutako 'Atzerrian Lurra Garratz'. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/santurtziko-antzerki-jaialdia-bihartik-aurrera-abian/@@download/image/atzerrian-lurra-garratz-arg02.jpg
2021/10/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

15 ikuskizun programatu dituzte eta horietako bat euskarazkoa izango da, Amancay Gaztañagak zuzendutako 'Atzerrian Lurra Garratz'.
Santurtziko Antzerki Jaialdia bihartik aurrera abian

Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 42. edizioa hasiko da bihar, eta azaroaren 28ra bitartean 15 ikuskizun eskainiko dituzte Serantes Kultur Aretoan. Cremillo konpainiaren eta Jose Padilla zuzendariaren Golfa antzezlanarekin hasiko da jaialdia. Golfa institutu baten atean agertzen den grafitia da, bi neraberen arteko haustura sentimentalaren ondoriozko jazarpen-istoriora eramango gaituena. 

Raymond Carverren kontakizun ezagunenetako baten gainean Juan Cavestanyk egindako egokitzapena ere izango da ikusgai, Principiantes antzezlana. Senar-emazte beteranoak eta harreman berriagoa duten lagun gazteagoak dira protagonista maitasunaren inguruko obra honetan. Javier Gutierrez, Monica Regueiro, Daniel Perez Prada eta Vicky Luengo arituko dira aktore lanetan.

Azaroaren 6an, Mercado de amores antzezlanaren eskutik,  erromatarren eta gaur egungo gizartearen ustelkeria eta maitasunera egingo dute bidaia ikus-entzuleek, eta ustekabeko biraketa eta amaiera izango du, umore handiz. Hurrengo egunean, berriz, 50eko hamarkadako Sevillako auzo bati buruzko Los remedios antzezlana izango da, bizitzak sortzen duen nahasmenari erantzuteko adiskidetasunari buruzko pieza.

Dantza eta perkusiorik ere ez da faltako jaialdian Currents lana tarteko; ikuskizuna nabarmenduko duten soinu elektronikoekin jantziko dute aretoa azaroaren 12an. Biharamunean Doble o nada taularatuko dute Miguel Angel Sola eta Paula Cancio antzezleek, talka emozionala eragingo duen antzezlana, bihurgunez  betea, eta hainbat izendapen eta sari jaso dituena.

Alexis Michaliken Una historia de amor eskainiko dute azaroaren 14an. Katia eta Justineren arteko maitasun-istorioa du ardatz antzezlanak. Intseminazio artifizialaren bidez izandako alabaz erditu eta gutxira desagertu egingo da Justine. Katia eta bere neba idazlearen arteko harremanaz ere arituko dira istorioan. Loreto Mauleon eta Almudena Cidek hartzen dute parte obran.

Ramon Bareak zuzendutako El viaje a ninguna parte ere izango da jaialdian azaroaren 19an. Komikoen lanbidea aurrera eramateko modu jakin batez hitz egiten du, konpainia ibiltari baten gorabeherez. Barea bera, Patxo Telleria, Itziar Lazkano, Mikel Losada, eta Olatz Ganboa igoko dira oholtzara, besteak beste. Ondorengo egunean, El viento es salvaje, Cadizen gertatutakoaren gaineko zoriari eta erruari buruzko hausnarketari buruzko lana eskainiko dute eta, azaroaren 21ean, Conservando la memoria, aitona-amonei egindako galdera-sorta, haiek eta beren oroimena betiko gorde nahian. Azaroaren 26an Pepe Viyuela aktorea protagonista duenTartufo antzezlana izango da, non nagusikeria moralaren despotismo zorrotza edo gezurraren justifikazioa biziraupenerako baliabide natural gisa jorratzen den. 

Horiez gain, Nevermore, Prestige ontziaren hondamendiaren inguruko oroimen kolektiboaren erreskatea eta Vidas enterradas,  lekukotasun dokumentaletan oinarrituta idatzitako kateatutako bakarrizketa batzuk, izango dira ikusgai. Azken hauek izango dira edizioaren bukaerako antzezlanak. Umeek ere Tarzan (en el divan) antzezlana gozatu ahal izango dute, oihaneko erregearen bizitzako gertakizun eta pertsonaia nagusienak birpasatuko dituena.

Euskarazko antzezlana
Amancay Gaztañagak zuzendutako Atzerrian lurra garratz izango da jaialdian azaroaren 18an. Ander Lipus eta Laura Penagos ditu protagonista, eta immigrazioa eta sorkuntzaren inguruko kontuak jorratzen dira bertan. Istorioaren erdian bere jaioterritik atera zen emakume sortzaile bat egongo da.

Egitarau osoa eta antzezlanen inguruko informazioa kultur aretoaren webgunean zintzilikatu dute eta sarrerak ere bertan eskura daitezke.