Sanferminak bertan behera

Iruñeko Udalak gaur eguerdian jakinarazi du ofizialki sanferminak ez direla 2020ko uztailean ospatuko. Ana Elizalde jarduneko alkateak, Covid-19aren ondorioz eriondo dagoen Enrique Maya alkatea ordeztuz, “esperotakoa izanagatik ere guztioi tristezia apur bat eragiten digun berria” eman du aditzera. Uztailaren 6rako bi hilabete eta erdi falta diren arren, aditzera eman du “agerikoa da eta uste dut hori dela iritzi publikoaren sentipena, gure jai kuttunak eta koronabirusa bateraezinak direla”.
Iruñeko Udalak udal-talde guztiekin adostuta hartu du erabakia, aintzat harturik Covid-19aren kontrako borroka dela orain lehentasuna mundu osoan eta ez dagoela beste aukerarik sanferminetarako, nazioarteko jai biziki jendetsuak direnez gero. Hori horrela, Iruñeko sanferminak batu dira ospatu baino zenbait hilabete lehenago atzeratu edo bertan behera utzi diren hotsandiko mundu-ospakizunetara (Tokioko Joko Olinpikoak, Eurokopa eta Frantziako Tour-a) zein estatuko jaietara (Fallak eta Apirileko Feria).
Kontuan harturik sanferminak bertan behera uzteari buruzko albisteak oihartzuna duela hala estatuan nola nazioartean, Espainiako eta herrialde ezberdinetako milaka eta milaka turista erakartzen dituztelako, Iruñeko Udalak komunikazio-kanpaina bat prestatu du, bideoz osatua, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Ekimen horren bidez omenaldi txikia egin nahi die jaiei, eta mezu hau helarazi: guztia igarotakoan, ahal denean, sanferminak biziko ditugu. Horixe da hain zuzen bideoaren leloa: ‘Ahal dugunean... #Bizikoditugu #sanferminak’.
Sanferminetako aurrekontuaren zati bat osasun-krisiak eragindako gastuetarako
Prentsaurrekoan jakinarazi dute, baita ere, aurtengo aurrekontuetan sanferminetara bideratuta zegoen kopuruaren zati handi bat erabiliko dutela Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko xedez Udalak abiatu dituen jarduketen gastuetarako. Izan ere, gizarte-larrialdietarako laguntzen eskaerak eta udal-jantokikoak izugarri ugaritu dira, eta Etxerik gabeko pertsonak artatzeko Zentroa beterik zegoela-eta ostatu hartzeko beste baliabide batzuk prestatu behar izan dira Jesús eta Maria zein Paderborn Etxea aterpetxeetan, Andre Maria Laguntzako komentu zaharrean eta ostatu-etxe batzuetan.
Datorrena ezin baita aurreikusi, uneotan ezin da beste datarik planteatu urte honetarako
Sanferminak beste data batzuetan baina 2020an egiteari buruz, jarduneko alkateak adierazi du oraingo egoera zein den ikusita ezin dela jakin, “agertokia ezin baita aurreikusi, eta hemendik bost hilabetera gertatuko dena asmatzea edo iragartzea arduragabekeria litzateke. Gaur gaurkoz, zaila dirudi sanferminak aurten ospatu ahal izatea, baina gertaerek zer nolako bilakaera duten itxaron beharko dugu”.