San Telmo Museoak 'Paperezko inperio baten atlasa' instalazioa paratu du

Paperezko inperio baten atlasa instalazioa Museo Bikoitza programaren parte da. Programa hau Asier Mendizabal artistaren proposamena da eta 2018an jarri zen abian. San Telmon egiten da esku-hartzea, urtean behin, eta artista bat gonbidatzen dute horretarako. Bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzea da ekimenaren helburua.
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek San Telmo Museoko artxiboko mapa bilduma aztertu dute eta tresna bat sortu dute horretarako: dokumentu bakoitzean zehar kamera bat mugitzen duen beso robotikoa, ehunka lehen plano hartzen dituena. Ondoren, irudi bakarrean mihiztatu dituzte lehen planoak. Irudien bereizmena hain da handia, ezen begirada hutsetik ihes egiten duten xehetasunak bereiz baitaitezke, hala nola paper-zuntzak, litografoaren hatz-marka bat edota sitsek sortutako zuloak. Gainera, ibilbidea marrazten duen algoritmo autonomo bat programatu dute artistek.
Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkum (Delft, Holanda, 1975) bikote artistikoa dira 2001etik. Existitzen diren objektu eta dokumentuen esanahi soziala aztertzen dute, hauek bereganatu eta beste testuinguru batean erreproduzitzen dituzte. Erakusketa indibidual eta kolektibo ugaritan parte hartu dute, besteak beste, Gasteizen, Bartzelonan, Bordelen, Leonen, Donostian, Vienan, Amsterdamen eta Stockholmen.
Instalazioa urtebetez egongo da erakusketa programaren barruan, eta ondoren museoaren arte-bildumari gehituko zaio.