San Juan baleontzia nabigatzen ikusi nahi al duzu?

San Juan baleontzia nabigatzen ikusi nahi al duzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/san-juan-baleontzia-nabigatzen-ikusi-nahi-al-duzu/@@download/image/sanjuan-eusk-ca_1403862942.jpg
2014/07/07
erreportajea
XVI. mendean Ternuan hondoratutako San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen hasi dira Pasaiako Ondartxo Itsas Kultur Faktorian.
Prozesua bertatik bertara ikusteaz gain, bisitariak garaiko Euskal Herria hobeto ulertzeko aukera ere izango du Donostia 2016 eta Albaola Itsas Kultur Erakundearen proiektu honetan.

1565eko udaberria zen. Pasaiako kaian, 60 marineleko eskifaia, Ozeano Atlantikoa gurutzatzeko prest. San Juan baleontzia izango zuten etxe; 22 metroko kroskoa eta 7,5 metroko zabalera zituen zamaontzia, 200 tonakoa. Hiru masta eta hiru kubierta, eta tripak ondo betetzeko gaitasuna; 900 barrika garraia zitzakeen, eta bost bale-txalupa.
Bi hilabete olatu artean, haizea motore, Ternuara iristeko. Euskaldunek Butus edo Buytes izenez ezagutzen zuten badian geratu zen San Juan ontzia, egungo Labrador denaren Red Bay badian, Belle Isle zeritzen pasabidean. XVII. mendera bitartean, San Juan bezalako 10-12 ontzi batzen ziren urtero inguru horretan, 1.500 bat marinel.
Barrikak bale-olioz beteta Euskal Herrira buelta egitear zela baina, urrian, ekaitz beldurgarria batek hondoratu egin zuen. Zorionez, tripulazioko kide guztiek bizirik ateratzea lortu zuten, eta beste ontzi batzuk baliatuta, etxera bueltatu ziren. Halaxe, lehen zamaontzi transozeanikoa izandakoa Amerika iparraldeko ur hotzetan geratu zen, hamar metrora, norbaitek aurkitu zain.

Euskal Herri itsastiarra
San Juan bezalako baleontziak ozeanoak zamatuta zeharkatu zituzten historiako lehen zamaontziak izan ziren; Euskal Herrian diseinatu eta eraikiak. Donostia 2016ko Hedapen arduradunaren, Jon Maiaren, hitzetan: "Garaiko koheteak ziren, eta mundu mailako ekarpenak egiten zituen herri teknologiko eta industrialaren sinbolo dira".
Ontzi horiek garatzeko, itsasora begira zegoen industria eta teknologia sare zabal eta aberatsa nahitaezkoa zen, Pirinioetatik kostaldera arte egituratuta zegoen sarea. Baso eta meategien ustiapen iraunkorra, lehengaiak transformatzen zituen industria, ontzioletara materiala  eramaten zuen garraoia zein marinelak bidaietarako elikagaiaz hornitzen zituzten baserriak gizarte oso baten euskarri lana egiten zuten katebegiak ziren. "Ez dago euskaldunak nolakoak garen ulertzerik, gure autoerretraturik egiterik, itsasoko historia hori kontuan hartu gabe", dio Maiak.
Euskal ontzigintza bertako ekonomiaren oinarri nagusietakoa zen, eta horren adibide da San Juan baleontzia. XVI. mendean baleak arrantzatzen zituzten bakarrak euskaldunak ziren, eta zamaontzi horietako bakoitzari esker, bale-olioz betetako 250 litroko 900 barrika ekar zitzaketen euskal marinelek Europara. Hala, garaiko petrolioa zenaren monopolioa zuten euskaldunek; Londres edota Anberes bezalako portu garrantzitsuak zituzten helburu. Barrika bakoitzak egungo 6.000-7.000 bat euroko balioa zuen, atera kontuak!
Hala, XVI. mendeko Euskal Herria hobeto ulertzeko hainbat gako emango dizkio bisitariari Ondartxo Itsas Kultur Faktorian ikusgai izango den prozesuak. Hain zuzen ere, museo estatiko izatetik haratago, eraikuntzaren prozesua bera barnetik jarraitzeko aukera eskainiko diote bisitariei Donostia 2016k eta Albaolak.
Nola berreraiki ordea, XVI. mendean ondoratu zen itsasontzia? Kanadako ondare historikoa kudeatzen duen Parks Canada gobernu-agentziak  1978an aurkitu zituen San Juanaren aztarnak Red Bayen. National Geographic-ek urteko adizkariaren azala eman zion aurkikuntzari, eta ordutik, hiru hamarkadatik gora daramatzate arkeologo eta zientzialariek ontzia aztertzen. Hala, inoiz egin den ontzi baten azterketa zientifikorik sakonena da San Juanarena, eta ikerketa horietatik ateratako planoak baliatuko dituzte Albaolako langileek ontziaren erreplika eraikitzeko.

Balio erantsia
Bisitatu eta ulertzeko gunea izango da, beraz, Ondartxo. Eta balio erantsia izango du, izan ere, erreplikaren eraikitze prozesua bera ere, jatorrizkoarena bezala egingo da. XVI. mendean erabilitako materialak, teknika eta jakintza baliatuko dituzte, iraganean erreferente egin gintuena prozesu eraldatzailearen zerbitzura jarriz. 
Bestalde, proiektuak Pasaiako badian eta herrian eragiteko asmoa du. "Kultur ekipamendu horren zehar eraginek Pasaiako badiaren garapen kultural eta ekonomikoa sustatzea dute helburu, Pasaiari Euskal Herrian merezi duen erreferentzialtasuna emanez", dio Maiak. Eta Euskal Herria Europako itsasontzigintzaren mapan kokatuko du, San Juan baleontzia Donostia 2016ren enbaxada ibiltaria izango baita.

San Juan baleontzia proiektua from Albaola Faktoria on Vimeo.


Sakanako haritzak



Ontziaren kroskoa eta hezurdura egiteko Sakana bailarak emandako 200 haritz erabiliko dira. Ekarpen horrek jarraipena izango du Atsasun, Dantzaleku izeneko ibilbide turistiko-pedagogikoan.

Iratiko izeiak


San Juanaren mastak Iratiko basoetatik ekarritako hogei pinu izeirekin egingo dira. Zuhaitzok Zaraitzu bailarako udalek emanak dira.

Erremintaria



Burdina ere antzinako burdinoletan bezala egingo da. Alde horretatik, erremintari bat Ondartxon bertan arituko da egunero lanean ontziak beharko dituen iltzeak egiten.

Pagozko gila


Euskaldunak ziren ontzien gila zuhaitz bakarretik ateratako enborarrekin egiten zuten bakarrak. Orduko teknika jarraituz, hamasei metroko pago gila izango du oinarri San Juanaren erreplikak.

Burgosko brea


Ontzia eraikitzeko beharrezkoa den brea ere duela bost mende egiten zen modu berean egingo da. Kasu honetan, Burgosko (Espainia) Quintanar de la Sierra herrian lanbidea berreskuratzeko sortutako elkarteko kideek egingo dute lan hori.

Kalamua



Fiteron zein Espainiako hiru herritan (Agredan, Sorian; Cervera del río Alhaman, Errioxan; eta Tarazonan, Zaragozan), lau kalamu hektarea landatu dituzte ontziak beharko dituen sokak eta belak egiteko.

Sagardoa



XVI. mendean, sagardoa zen hilabeteetako bidaian baldintza egokienetan irauten zuen edaria. Hala, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak utzitako sagardoa eramango du San Juanak Europan zehar.