San Joan bezperako gau magikoa

San Joan bezperako gau magikoa San Joan bezperan ospatzen dugu urteko gau motzena; herri gehienetan bezala, Euskal mitologiaren arabera, gau berezia da biharkoa. Eta zuk, nola ospatuko duzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/san-joan-bezperako-gau-magikoa/@@download/image/Hogueras-Playa-Noche-San-Juan-Espana.jpg
2018/06/22
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

San Joan bezperan ospatzen dugu urteko gau motzena; herri gehienetan bezala, Euskal mitologiaren arabera, gau berezia da biharkoa. Eta zuk, nola ospatuko duzu?
San Joan bezperako gau magikoa

San Joan bezperako gaua suarekin lotzen dugu; ekainak 23, Euskal Herriko herri gehienetan piztuko dituzte suak ilunabarrean. Batzuek salto egingo dute, besteek behar ez dituzten gauzak erreko dituzte, baina badira bestelako errituak ere gau magiko honetan. Ezagutzen dituzu?

Zaharra kanporatzeko eta biziberritzeko errituak dira gau honetan egiten direnak. Udako solstizioarekin bat eginez eta urtaro berriari ongi etorria emateko, neguko nekeak alde batera utzi eta oparotasunaren garaiari hasiera emateko prestatzen gaituzte errituek.

Neguko solstizioan bezala -Gabon Gaua- udako solstizioan ziklo berri baten hasiera ospatzen da. Urteko gau motzena da ekainaren 21ekoa, eta erlijioaren eraginez guk hilaren 23an ospatzen badugu ere, mitologiak bizirik dirau.

Hilaren 23ko gaua beraz, su txikiz beteko da herri eta auzo guztietan; gainetik salto egin, inguruan dantzatu edota behar ez ditugun gauzak erreta ere, garrantzitsuena urtaro berria energia berriztatuekin hastea da. Aukeratu zure erritua!

 

Lore sortak indarrak hartzeko

Suarekin lotutako errituez gain, San Joan bezperan indarberritzeko lore sortak jasotzen dira. Donostian, Bagera elkarteak ohitura hori berreskuratzen saiatzen ari dira, eta horretarako, lore sortak banatzen ditu zenbait auzotan.

Sorta osatzeko honako irizpideak jarraitu behar dira:

– Usaina duen lorea, arrosa edota mihilua (Foeniculum vulgare) izan daitezke adibidez.

– Uzta ona izateko fruitua ematen duen landarea, adibidez, garia, arto landarea, babarrun hostoa, patata hostoa … Etxeko uzta oparoa izan dadin.

– Basoko landareak:  garoa, lizarra …

– San Joan Lorea: Gipuzkoan bereziki bitxiloreari deitzen zaio (Leucantenum), baina garai honetan loratzen den edozein ere izan liteke.

– Gipuzkoako herri askotan erramua erabiltzen da osagai magiko-erlijioso garrantzitsu bezala.

Irizpide hauek kontuan hartuta osatu behar da sorta. Sorta honek naturaren indarra jasotzen du eta babestu egiten gaitu. San Joan suaren ondoren urte osoan zehar etxean gorde behar da.  Ohitura zaharrei jarraituz, sorgin eta izpiritu txarrengandik babestu egingo gaitu. Ekaitz handiren bat egongo balitz, sortaren zati bat erretzearekin, etxea babestuko genuke. Urte osoan etxekoen osasuna ona izango da. Hurrengo urteko Sanjoanetan, sorta hau ekarri, sutara bota, eta berri bat egin behar da. Zaharra erre egiten da, berria jaio dadin, eta berriari indarra emateko. Txingarra eta kea elementu garbitzaileak dira. Udako solstizioaren inguruko ohituretan haurrek indar handia izan dute, berrikuntzaren ikur dira.

 

Udako solstizioaren inguruko beste hainbat  ohitura:

– Ohiturak dioenez, ura iturritik ateratzean eguzkiak eman behar dio, beraz, gauez ezin da urik edan (ura edateko txingarra erabiltzen zuten). Salbuespena sanjoan bezpera da, suaren ondoren eta egunsentia baino lehen ura edan behar da, gau horretan urak indar gehien hartzen duen garaia baita. Garai batean gau horretan zapi bat busti eta horrekin gaitza zuten gorputzaren atalean bustitzen zuten sendatzeko.  Aipatzekoa da gau horretan ere, egunsentia baino lehen ihintza zapaltzeko ohitura.

– Erretzen dugunean gure barneko alde txarra erre egiten dugu eta heriotza horretatik haur gisa jaiotzen gara. Paper batean nahi duzuna idatz dezakezu eta sanjoan suan erre.

– Sanjoan bezperako beste ohitura bat etxeko atarian sanjoan loreekin marrazkiak egitea zen.

Jakin-minarekin gelditu zara? BAGERA.EUS