Sanferminen inguruko lau erakusketa Iruñeko Ziudadelan

Sanferminen inguruko lau erakusketa Iruñeko Ziudadelan Arte garaikideko obrak, sortu berri diren artelan eta testuak, kartelak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte lau erakusketetan. Irailaren 12ra arte izango dira ikusgai Ziudadelako lau gunetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/san-ferminen-inguruko-lau-erakusketa-iruneko-ziudadelan-1/@@download/image/erakusketak ziudadelan.jpg
2021/07/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarret
@mailegetx

Arte garaikideko obrak, sortu berri diren artelan eta testuak, kartelak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte lau erakusketetan. Irailaren 12ra arte izango dira ikusgai Ziudadelako lau gunetan.
Sanferminen inguruko lau erakusketa Iruñeko Ziudadelan

Sanfermin jaiak ezin izan dira egin aurten ere, baina haien inguruko lau erakusketa ipini dituzte Iruñeko Ziudadelan irailaren 12ra arte. Lau erakusketa hauen bidez, Udalaren arte garaikidearen bildumako 27 egileren obrak, tokiko 57 artistek propio sortutako beste hainbeste obra, Nafarroako hainbat diseinatzailek ospatu ezin diren festatarako pentsatutako 44 kartel eta hiru ikus-entzunezko proiekzio daude gozagai.

Arma aretoko lehen solairuan kokatu dute Egurra tristurari. Parerik gabeko festa baten oroigarriak erakusketa. Sanferminetako arte-ondareko pieza esanguratsuak jasotzen ditu, udal-ondarean gordetakoak, arte garaikidearen bilduman. Basianoren 1929ko kartel iragarletik hasi eta 50eko hamarkadatik gaur egunerainoko sanferminak zeharkatzen ditu, eta Julio Pardoren Zapi gorriarekin amaitzen da, Gazteluko plaza distopiko batean amets egitera eta nabigatzera gonbidatzen duena. Garai eta jatorri ezberdinetako 27 egileren argazki, pintura eta eskulturak dira.

Imajinatutako sanferminak erakusketa kolektiboak, Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatuta, festen inguruko hausnarketa bultzatzea du helburu. Horretarako, Iruñeko Udalak 50 artistatik gora gonbidatu ditu testu batez lagundutako berariazko obra bat sor dezaten. Horietako 57ren lanak daude ikusgai Mistoen Eraikineko lehen eta bigarren solairuan, denak egin berriak.

2020-2021 Dantzatu ez genuen urteak. Ospatu ezin izan zen festa baterako kartelak izeneko erakusketaren bidez, "jairik gabeko bi urte hauek arindu" nahi izan dituzte. Horretarako, ospatuko ez diren festa batzuetarako sanfeminetako irudizko kartel baten diseinua egiteko gonbita luzatu zitzaien Nafarroako diseinatzaile, artista eta diseinu estudioei. Bolborategian finkatutako erakusketaren katalogoak festetako kartelen eta horien egileen historian barrena ibilaldi bat egiten du. Kontserbatzen den zaharrena 1846koa da. XIX. mendeko gainontzeko kartelak bezala, zezenketei lotuta dago erabat, nahiz eta zenbait urtetan Pablo Sarasateren irudia eta musika elementuak azaltzen diren. XX. mendean motibo gehiago erabili zituzten eta irudi-aldizkarien estiloa kopiatzen zuten, gero argazkigintzara igarotzeko.

Erabat ezberdina da Labean dagoen proposamena, ikus-entzunezko proiekzioekin osatua. Espazioan pentsatuz, Udalak ikus-entzunezko instalazio baten aldeko apustua egin du, sanferminetako hainbat uneri buruzko hiru proiekziorekin. Proiekzioetako bik San Fermin Festetako askotariko uneak eskaintzen dituzte eta bakoitzak 10 minutu inguruko iraupena du. Hirugarrena lurreko proiekzio bat da, zeinak Iruñean gertatzen diren irudi, irudipen eta zirraren nahasketarekin egindako bi mosaiko eskaintzen baititu.