San Fermin party in London

San Fermin party in London https://www.gaztezulo.eus/albisteak/san-fermin-party-in-london/@@download/image/2011771360san_fermin_7.jpg
2012/12/13
berria
London Baseque Society – Euskal Elkarteak San Fermin eguna antolatu du uztailaren 10erako. Munduan zehar beste hainbat tokitan ere biziko dute festa. 

Euskal Elkartearen egoitza aurrean Oxford Housen eguerdiko hamabietan jarri du zita Londoneko euskal komunitateak. Txupinazoa bota eta entzierroa egiteko asmoa erakutsi dute, entzierroa kartoizko zezenekin egingo dela zehaztuaz badaezpada ere. Behin liturgia guztiak beteta London Fields-era joango dira kalejiran bertan piknika, sangria eta joko ezberdinez lagunduriko egun pasa egiteko.

Ez dira plaza urrunetan San Ferminak ospatuko dituzten bakarrak. Batetik Ernest Hemingway idazleak Iruñeko festa mundu guztian zehar ezagun egin zuelako, eta bestetik euskal diasporak hainbat herrialdeetan zabalduriko sarea delako toki askotan diote debozioa santu iruindarrari. Honela, Argentinan, esaterako, hiri dezentetan egingo dute festa. Buenos Aireseko Euskal Etxean afari berezia egingo dute uztailaren 9an Argentinaren independentzia eguna ospatzen den egunean. Rosarioko Nafar Etxean uztailaren 2tik daude festetan: dantzak, bazkariak, kalejirak…  Mar de Plata, Arrecifes, Mendoza...

Vancouverren (Kanada) Zazpiak bat Basque Club-ak antolatzen du egun berezia, Valencian (Venezuela) bertako Eusko Etxeak dastaketa, txupinazoa eta erromeria egiten ditu urtero, Towsvillen (Australia) Euskal Elkarteak euskal gastronomiaren dastaketa… 

Atzerritar oldea etorri ohi dela esan ohi da, baina atzerrian festa egiten duten euskaldunak ere ez dira gutxi gero!