Salma Hayek: Sugar mexikarra

Salma Hayek: Sugar mexikarra https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Salma Hayek: Sugar mexikarra

Bakea omen da "salma" hitzaren esanahia arabieraz. Bakea baino areago maite du gerra, ordea, Salma Hayek sutsuak. Borrokaren bidez erdietsi baitu guztia bizitza honetan aktore mexikarrak. Libanoar jatorriko enpresaburu eta opera kantari mexikar baten alaba da Salma Hayek. Veracruzeko herrixka galdu batean jaio zen arren, noizbait Katy Jurado edo Rita Moreno bezalako izar latinoamerikarrek utzitako uharari jarraituko ziola amestu izan zuen beti.
Universidad Iberoamericana entzutetsuan arte dramatiko ikasketak hasi eta gutxira, antzerkiaren munduan murgildu zen. "Teresa" telebista foiletoiak, baina, egin zuen ospetsu. Mexiko konkistatu ostean, Hollywoodera jo zuen. Hastapena gordina izan zen oso. Etsitzear zela, bere patua Robert Rodriguez zinemagilearenarekin gurutzatu zen oharkabe. Une hartatik aurrera, zoria lagun izan du aktore mexikarrak. "From Dusk Till Dawn" izan zen Salma Hayek mito erotiko bilakatu zuen filma. Gorputzaren bihurguneak ferekatzen zizkion anakonda albinoarekin dantzan irteten zeneko irudia zinemazale ororen erretinetan iltzaturik geratu baita harrez geroztik.
Gorputz tentagarri bat baino askoz gehiago da, ordea, Salma Hayek. Hala, apurka-apurka, "Wild Wild West" gisako film kaskarrak alboratu, eta benetako zinema egiten hasi da. Arturo Ripstein maisuaren "El coronel no tiene quien le escriba" eta "Frida Kahlo" filmak dira ibilbide berri horren lekuko. "Frida Kahlo" finean, gainera, neska ederra ez ezik, aktore aparta dela ere erakutsi du Salma Hayek iradokitzaileak.
Salmaren bihotz basaren ibilbidea ere ez da txantxetakoa. Haren logelatik Marx anaien kamarotetik baino jende gehiago igaro da eta. Besteak beste, Richard Crenna Jr., Matthew McConaughey, George Clooney, Matthew Perry eta Edward Atterton aktoreak. Azken sasoian Edward Norton enfant terrible-aren ondoan oreka lortu zuela zirudien arren, usteak erdi ustel. Duela lau hilabete amaitu baitzen izar mexikarra Edward Nortonekin hiru urtez lotu zuen maitasun harremana. Egun, Josh Lucas aktore erakargarriarekin omen dabil neskatoa. Antza, negar malkoek ez dute su mexikarra amatatzeko adina indar.

Nortasun agiria

Izena: Salma Hayek-Jimenez
Jaioteguna: 1966- IX-2
Jaiolekua: Coatzacoalcos / Veracruz (Mexiko)
Mutil-laguna: Josh Lucas aktorea                                      
Lagunik onenak: Penelope Cruz, Robert Rodriguez, Ashley Judd 
Janaririk gustukoena: Txileak
Maite ditu: Hondartzak, jatetxeak eta film onak
Gorroto ditu: Sugeak. Anakondak, bereziki
Bizio bat: Puruak erretzea
Bertute bat: Ausardia
Pertsonaia historiko bat: Frida Kahlo
Aktorerik sexyena: Marlon Brando (gaztetxoa zenean)