Sally Hawkins: Zoriontasunaren ikono berria

Sally Hawkins: Zoriontasunaren ikono berria https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Sally Hawkins: Zoriontasunaren ikono berria
Bere irribarreak munduko pantaila guztiak argitu ditu azken hilabeteotan. Mike Leighen Happy-go-lucky film interesgarriaren protagonista nagusia da, Poppy izeneko neska alai eta baikorra. Pelikula horretan, ia plano guztietan agertzen da Hawkins; berea da, istorioa azalkeriaren amildegian ez erortzearen meritua. Lan bikaina, dudarik gabe. Horrela ikusi zuten Berlingo Zinemaldian, emakumezko aktore onenaren saria jaso baitzuen Hawkinsek.
Leigh zinemagilearentzat musa moduko bat da Londresen jaiotako aktore hau. Ingalaterrako hiriburuko antzezlan garrantzitsuenetan parte hartu ondoren (Much ado about nothing, A midsummer night´s dream…), 2002 urtean egin zuen debuta pantaila handian, Mike Leighen eskutik; All or nothing filmean, Samantharen papera bete zuen. Zuzendari beraren beste bi proiektutan ere parte hartu zuen Hawkinsek: 2004ko Vera Drake eta arestian aipatutako Happy-Go-Lucky. Baina zuzendari britainiarraz gain, iaz, askoz ospetsuagoa den beste baten aginduetara aritu zen Sally Hawkins. Izan ere, Woody Allenen Cassandra´s dream film ilunean parte hartu zuen, Collin Farrell eta Ewan McGregor aktoreekin batera. Film horrekin itxi zuen Allenek Londreseko bere trilogia.
Horrekin, guztiarekin, dena alde dauka Hawkinsek Erresuma Batutik Hollywoodera salto egiteko. Halakorik nahi badu, bederen. Poppy pertsonaiak ospe handia ekarri dio eta, dagoeneko, bere izena askoren ahotan dabil, baita Oscar sarietarako hautagaien artean ere.
Aukera polita telebista eta antzerkigintza biziki maite dituen aktore honentzat. Baina aukerarekin batera, arriskua ere badu etapa berriak: askok, Amelie berria izendatu dute eta, Audrey Tatou frantziarrari gertatu zitzaion moduan, gogotik lan egin beharko du zoriontasunaren ikono berria izatearen zama gainetik kentzeko.