Salgai Kikarakadako azken 500 elkartasun kikara berriak!

Salgai Kikarakadako azken 500 elkartasun kikara berriak! Gaurtik aurrera Euskal Herriko Elkar dendetan izango dira salgai 9,99€-ren truke! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/salgai-kikarakadako-azken-500-elkartasun-kikara-berriak/@@download/image/130084789_443083350418917_15458868428826747_n.jpg
2020/12/07
Gaurtik aurrera Euskal Herriko Elkar dendetan izango dira salgai 9,99€-ren truke!
Salgai Kikarakadako azken 500 elkartasun kikara berriak!

2019ko azaroan bere ibilbidea hasi eta COVID-19ak sortutako egoeraren etenaren ostean berriro ere martxan da Galder Izagirrek, Gaizka Izagirrek (GAZTEZULO) eta Oraitz Garciak bultzatutako Kikarakada elkartasun proiektua. Horretarako, azken 500 elkartasun kikarak salgai jarri ditugu gaurtik aurrera Euskal Herriko Elkar dendetan, Baionan izan ezik bertako denda itxia dago eta. Azkeneko aleak dira, beraz, azkar ibili zurea eskuratzeko. Horiekin batera, Kikarakada liburua ere aurkituko duzue Galder Izagirreren argazki, euskal idazle, musikari eta kazetarien testu eta txokolate kikarakadak prestatzeko euskal sukaldarien errezetekin.

Aurreko kikara laranjekin salbamendu txaleko bat irudikatu nahi izan genuen eta ideia hori mantendu nahi izan dugu letren kolorea laranjan mantenduz, baina, oraingoan, bizitza duin batetarako aukera bultzatu nahiko genuke, itxaropenerako bidea erakutsi nahi diegu, tunelaren amaieran beti argia dagoenaren ideia, horregatik kikara txuriaren hautua, pertsona errefuxiatuek bizi duten egoera krudel eta gordinean argi printzak piztu nahi ditugu.

Proiektuak gaur arte 14.000€ bildu ditu eta horiek nora bideratu erabakitzeko ez dugu harremana galdu Greziarekin eta zuen laguntza eta elkartasunarekin zein proiektu eta nola lagundu aztertzen aritu gara. Lau proiektuetan jarri dugu fokua eta lortutako laguntza horien artean banatuko dugu. Hauek dira proiektuak:

  • Lesbos uhartean lan egiten duen Tolou elkartea (Tolou.fr) hezkuntza materialez hornitzen lagundu nahi dugu. Lesboseko errefuxiatu zelai berrian eskola bat martxan dute, baita 90 ume dituen beste eskola bat Mitilinin, Lehen Sorospen ikastaroak ematen dituzte eta baita emakumeak ahalduntzeko ikastaroak ere.
  • Lesboseko Stand by me hezkuntza proiektuaren berreraikitzean lagundu, errea eta suntsitua izan baitzen, eta materialez hornitu ere. Egun, adin guztientzako e-Academia, Moria Academia, helduentzako eskola zelai berrian eta suteen aurkako ikastaroak martxan dituzte.
  • Samos eta Chios uharteetan lan egiten duen Action for Education elkartearekin elkarlana, materiala helaraziz bi uharteetan dituzten hezkuntza proiektuetarako. Chiosen lau proiektu dituzte martxan: Yugi, 14-22 urte bitarteko nerabeentzako babes-tokia hainbat jarduera aurrera eramanez; Learning Centre, 15-18 urte bitarteko gazteentzako greziari ikastaroak goizean eta ingeleseko ikastaroak arratsaldean ematen dituzte; Mastic Campusean hizkuntza klaseak eta ordenagailu gela dituzte; The Hub, ordenagailu gela eta aldarrikapenerako gunea. Samosen aldiz, hiru proiektu dituzte abian: Banana House, 18-23 urte bitarteko gazteentzako hezkuntza zentroa; The Nest, 2-7 urte bitarteko haur eta euren gurasoentzako jolastokia; eta Computer Lab, ordenagailu gela.
  • Zaporeak Proiektua, Lesbos uhartean elikadura duina ematen duen euskal erakundea.

Azken hilabete hauek erdi-isilean pasa ditugun arren ez gara geldirik egon. Gure proiektuaren azken txanpari heldu behar genion momentuan konfinamenduak guztiak harrapatu eta horrek gure egitasmo hurbilenak bertan behera uztera behartu gintuen. 

Tamalez Mediterraneoan egoerak berdin darrai eta ausartuko ginateke esatera azken hilabeteotan okerrera ere egin duela errefuxiatuen egoerak. Alde batetik, COVID-19aren ondorioz mugimendu askatasuna zein asilo eskaerak murriztu egin zaizkie iheslariei, errefuxiatu zelai asko berrogeialdian dituzte. Bestalde, talde faxistek beraien jarrera oldartu egin dute kolektibo horien aurka. Gainera, komunikabideek fokoa beste leku batera zuzendu dute ia Mediterraneoan hildakorik ez dagoela sinestarazteraino. Azkenik, Lesbos uharteko Moria errefuxiatu zelaiak suak kiskali du, 13.000 errefuxiatutik gora kale gorrian utzi eta errefuxiatu zelai berri batean konfinatuz.

Udaberrirako prestatuak genituen elkartasun ekimenez gain, Kikarakadaren azken txanparari begira berritasunak ere aurkezteko asmoa genuen, baina, egoerak hala behartuta, gure egitasmoak momentu oro berregokitu beharrean aurkitu gara, baina, berandu baino lehen, hemen gaituzue berriro ere datozen pausoak zein izango diren aurkezteko ideiarekin.

Maiatzari begira, Kikarakadari behar bezalako itxiera emateko ekitaldi musikal bat antolatzen genbiltzan. Egun bizi dugun egoerak oraindik ez dizkigu ematen hura modu ziur eta seguru batean gauzatzeko baldintzak, baina, hori ezean, kikara berri batzuk aurkeztuz ekin nahi diogu berriro ere bideari edo azken faseari.

Orain, inoiz baino gehiago, gure elkartasuna behar dute kale gorrian dauden pertsona errefuxiatuak eta horregatik eskatzen dizuegu beste behin zuen atxikimendua, zuen elkartasuna, guztion artean, urratsez urrats ahalik eta laguntza handiena, ahalik eta elkartasun kikarakada gehien helarazi dezagun Euskal Herritik greziar uharteetara.