Saizarbitoriaren 'Martutene' liburuaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte Bilbon
Ramon Saizarbitoriaren Martutene liburuak hamar urte beteko ditu aurten, eta Bilbo Zaharra Forumak idazlearen lan hau omenduko du ekainean egin ohi duen irakurraldi publikoan. Ikasturte amaierako ekitaldiaz gain, datorren astean, Martutene 10 urte jardunaldiak ere antolatu dituzte.
Sei euskal idazleren hitzaldiak izango dira otsailaren 21etik 23ra, 19:00etan, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Astelehenean, Pedro Alberdiren Fikzioaren hitzarmenak eta Markos Zapiainen Trauma eta transmisioa hitzaldiak izango dira. Asteartean, Mariasun Landaren Irakurketa eta ebokazioa eta Juanjo Olasagarreren Martutene: irakurketa bat izango da. Azkenik, asteazkenean, Itxaro Bordak Eta emazteak zer? eta Iban Zalduak Martutene: esperimentu bat fikzioarekin eskainiko dituzte.

Ramon Saizarbitoriaren Martutene liburuak berriro osatzeko edo desegiteko prozesuan dauden bi bikoteren inguruko narrazioa egiten du. Halako batean, neska amerikar bat agertuko da haien bizitzan, eta harreman horien zimenduak astinduko dituzten erreakzioak sortuko ditu haiengan: alaitasuna, desira eta bizi berri bati ekiteko poza eta ilusioa. Saizarbitoriaren eleberri onena dela aipatu dute kritikari askok eta baita intimoena ere.

