Saia Goait: “Kantatzen duguna sentitu egiten dugu, eta hori ozen kanporatzeko tresna da musika”.

Saia Goait: “Kantatzen duguna sentitu egiten dugu, eta hori ozen kanporatzeko tresna da musika”. Urte luzez hainbat proiektutan aritu ostean (Keike, Kraussk), 2017an laukoteak Saia Goait izango zenari hasiera eman zion Mutrikuko entsegu lokaletan. 2019an euren lehen lana argitaratu zuten, eta hiru urte geroago Miazkatu aurkeztu berri dute. Euren zuzeneko indartsua ederki islatu dute lan berri honetan. Kalitatezko rockaren zaleak bazarete, asetuta utziko zaituzte ziur. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/saia-goait-201ckantatzen-duguna-sentitu-egiten-dugu-eta-musika-tresna-bat-da-hori-ozen-kanporatzeko201d/@@download/image/saia_goait_promo1.jpg
2022/04/28
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Urte luzez hainbat proiektutan aritu ostean (Keike, Kraussk), 2017an laukoteak Saia Goait izango zenari hasiera eman zion Mutrikuko entsegu lokaletan. 2019an euren lehen lana argitaratu zuten, eta hiru urte geroago Miazkatu aurkeztu berri dute. Euren zuzeneko indartsua ederki islatu dute lan berri honetan. Kalitatezko rockaren zaleak bazarete, asetuta utziko zaituzte ziur.
Saia Goait: “Kantatzen duguna sentitu egiten dugu, eta hori ozen kanporatzeko tresna da musika”.

Miazkatu diskoa esku artean dut eta irekitzean galdera bat topatu dut eta horixe bera botatzen dizuet: “Ez al duzu gogoratzen ziztaden azkura hura?”
Iritsi gara noizbait ahaztera zer zen ziztaden azkura hura. Barrua astintzen ziguten eraso denak, gure identitateari zuzenduak, badirudi azkura hori onartu egiten dugula.

Zeri egiten dio erreferentzia “Miazkatu” kontzeptuak?
Miazkatzen ditugun muga guztiak, aurkitzen ditugun arantzak, nazio ikuspegiaren folklorizazioa… Gutxika guztia irensten ari gara, egunero hartzen dugu dosia, eguneroko pilula, mingainetik mingainera doana, zabaltzen eta onartzen ari garen mezua, gu ia ohartu gabe. Hortik dator Miazkatu abestiaren letra eta diskoaren diseinuaren arteko lotura.

Aurreko diskoarekin alderatuta, zein berrikuntza dakartza disko berriak?
Disko luzeagoa izateaz gain, abesti zuzenagoak direla esan genezake. Zuzeneko esentzia eraman nahi izan dugu estudiora, soinu gordinago baten bila eta apaingarri minimoekin. Aurreko diskotik ikasitakoa baliatuz, lortu nahi genuen emaitza argiago izan dugu orain.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Diskoko abestien oinarriak eta letrak Aitzolek sortuak izan dira konfinamenduan. Kaxoian gordetako letra batzuk tarteko eta ideia berriak gehituz, kalera irteteko aukera eduki genuenean, berehala ondu genituen entsegu lokalean.

Nahiz eta urte horretan abestiak prest izan, 2021ean hiruzpalau kontzertuetan jo genituen eta zuzeneko sentsazioak zein ziren ezagutzeko. Inoiz ez zitzaigun momentu egokia iruditzen disko ateratzeko. Izan ere, 2019an kaleratu genuen lehen lanak ibilbide motza izan zuen, 2020an genituen aurkezpen kontzertuak bertan behera geratu baitziren. Beldur horregatik, bigarren disko honetako abestiei nahi beste buelta emateko aukera izan dugu. Gainera, talde barruan aldaketa batzuk egon dira, eta dena prest genuenean sartu ginen estudiora, data zehatz bat gabe.

Letra oldarkorrak dira, ilunak, esperantzarako lekurik ez zaizue geratu?
Garai ilunetan, letra ilunak -barreak-. Abestiek gure inguruaren isla dira, gure iraganaren oroimena eta autokritika asko daramate. Alabaina, abesti guztietan dago esperantzarako atea irekita, beti ere garenaren autokritikarekin eta hona nola iritsi garen jakitun izanda. Hala ere, norberak interpreta dezala abesti bakoitzaren mezua.

Melodiak ere amorruz gainezka daude. Musikak barruak husteko balio dizuete?
Lehen diskoarekin alderatuta, baliteke eztarriko ahotsak edo oihuak nabariagoak izatea, baina bi ahotsetara egindako melodiak ere presenteago daude. Kantatzen duguna sentitu egiten dugu eta musika tresna bat da hori ozen kanporatzeko. Barruak askatu eta izerditan amaituko ez bagenu, ez genuke egiten dugunean sinetsiko. Guretzat bi gauzak bat datoz.

Zein izan dira zuen inspirazioak, disko, liburu edo pelikula jakinen bat ala eguneroko errealitatea nahikoa inspirazio izan da?
Abesti guztiak esaldi edo kontzeptu batetik abiatzen dira. Esan nahi dugunaren aitzakia bihurtzen dira zirriborro horiek. Beti gaude gure inguruan gertatzen denaz adi inguruan eta  horrekiko gure ikuspuntuak, naturalki, abesti bihurtzen dira. Hitzei garrantzia berezia ematen diegu eta horregatik, sormen prozesua, hitzak idaztetik hasten da. 

Nola definituko zenukete zuen soinua?
Topikoa dirudien arren, ez dakigu gure soinua katalogatzen. Rock gogorra dela ados egon gaitezke guztiok, baina horren babesean estilo ezberdinak aurki daitezke. Melodia beti gailentzen da abesti guztietan eta abesti kantagarriak dira, baina aldi berean eztarriko ahotsek ere euren presentzia izatea gustatzen zaigu. Pixka bat metal zaleak ere bagara -barreak-.

Rocka, eta oro har soinu gogorrak, oraindik disidentziarekin lotzen dela uste al duzue?
Rockaren garai onenak pasatu direla uste dugu eta horrekin batera estigma horiek ere desagertzen doazela pentsatzen dugu. Argi dago gaur egun beste estilo batzuk gailentzen direla, baina rockak oraindik bere publikoa du. Guk gureari eusten diogu, entseatzera gogoarekin joaten jarraitzen dugun bitartean aurrera jarraituko dugu.

Zer esan nahi du zuentzat talde bateko kide izateak?
Hitzez azalduta: konpromisoa, familia, haserrea, adiskidetasuna… Bakoitzak bere bizitza duenez, askotan ez da erraza izaten talde baten parte izatea. Beñatek beti gogorarazten digun bezala, “ez gara honetatik bizi”, baina biziko bagina bezala egiten dugu lan.

Diskoaren irudia Cosmic Tentacles-ek sortu du. Asko pentsatzen al duzue igortzen duzuen irudian?
Diskoa eta mertxanaren kasuan, saiatzen gara guztiari zentzu bat ematen. Aurreko diskoan zuri-beltzaren aldeko hautua egin genuen. Bigarren lanarekin kolorearen bizitasuna eta inpaktua sartu nahi genituen, abestien estiloarekin bat zetorren diseinu baten bidez. Cosmic Tentacles-en lana aspalditik jarraitzen dugu eta pentsatzen dugu asmatu dugula, oso pozik gaude emaitzarekin.

Sare sozialen kasuan, argi dago estrategia ezberdinak erabiltzen direla. Gure kasuan ez da horrelakorik existitzen, saiatzen gara sareak bizirik mantentzen, baina, adibidez, entsegua amaitzean ohartzen gara ez dugula argazkirik atera sarera igotzeko. Badirudi publikoa erakartzeko zure bizitza kontatu beharra duzula eta musika bigarren plano batean geratzen dela.

Nola planteatuko dituzue zuzenekoak?
Abesti zaharrak sartuko ditugu zerrendan, baina disko berria goitik behera joko dugu. Bertsioren bat ere tartean egon liteke. Aurreko galderari lotuta, baliteke irudiari lotutako sorpresaren bat ere egotea. Zuzeneko bizi eta indartsu bat dugu helburu. Emaitza ikusi nahi duenak gure zuzenekoetara gonbidapena luzatua dauka.

Disko berri honekin zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke?
Zuzeneko taldea gara eta kontzertuak eman eta disfrutatzea dira gure helburuak nagusiak, baita gure musika duintasunez zabaldu ahal izatea ere.