Sagarrondoaren gerizpean

Sagarrondoaren gerizpean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sagarrondoaren-gerizpean/@@download/image/61p12-1.jpg
2006/03/03
erreportajea
Sagarrondoaren gerizpean
2003an egin zen lehen aldiz Sagarrondotik Jaialdia. Kontzertu ikusgarriek erakarrita, Euskal Herri osoko milaka gazte hurbildu ohi da urtero Gipuzkoako Buruntzaldea eskualdera, sagardoaren betiko kulturaz gozatzera. Hona hemen bost zertzelada, Sagarrondotik hobe ezagutzeko  

1. ZERGATIK SAGARRONDOTIK?
Sagardoaren betiko kultura, eta arte espresio modernoenak uztartzen dituzte egitarauan. Nola, ordea? "Sagardoaren inguruko kultura bizirautea da gure nahia. Gipuzkoako eskualde honek, Buruntzaldeak, badu berezi egiten duen kultura, eta sagardotegiak dira berezitasun horren erakusle garrantzitsuena. Ekitaldi asko egiten ditugu kultura horrekin lotuta: Sagardo Mostra eta dastaketak, pilota partidak, "Txootx!" ikuskizuna... Aurten, adibidez, martxoaren 19an Sagardo Eguna izango da Urnietan: Buruntzaldeako produktu eta artisauen azoka, zekor erretzea, sagardo dastaketa... eta frontoian, berriz, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo kirolari ez profesionalen arteko lehia izango da".

2. KONTZERTU ERAKARGARRIAK

Urtero, kontzertu erakargarriak antolatzen dituzte, eta kontzertu horietan, beti puntako euskal taldeak eta nazioarteko taldeak aritzen dira. Nazioarteko taldeei dagokionez, The Wailers, Raymundo Amador eta Desmond Dekker aritu dira, besteak beste, Hernanin. "Gure jaialdiaren ezaugarri nagusia kolore ugaritasuna da. Bai kontzertuetan entzun daitezkeen musika estiloei dagokienez, baita inguratzen den jendeari dagokionez ere. Berezitasun hori zaleen gustukoa da, beraz, ez dugu aldatzeko asmorik!".

3 RASTAK SAGARDOTEGIAN

Nazioarteko hainbeste talde kontratatuta, makina bat pasadizo bizi dituzte antolatzaileek. "Esaterako, The Wailers Jamaikako musikariek, giro ederra ipini zuten taulaz kanpo ere. Prentsaurrekoa egin genuenean, sagardoarekin topa egiteko momentuan, sagardoa zerbitzatzen erakutsi genien. Berezia iruditu zitzaien, eta gustua hartu zioten sagardoari!".  

4 JAIALDIA FINKATU NAHI

Jaialdia finkatzea da Sagarrondotik-eko antolatzaileen helburu nagusia: "Gure elkartea, Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkartea, eta antolatzen dituen jarduerak egonkortzea da gure xedea. Adibidez, urte hauetan, musika jaialdiak eta herri kirolen lehiak berezko izaera hartu dute. Prestatze lanetan ari garela, jendeak berriak jakiteko deitzen digu, e-posta pila jasotzen ditugu atzerritik... jendearen gogoan lekutxo bat hartu du Sagarrondotik jaialdiak".

5 EGITARAU BIKAINA

Aurten ere, egitarau bikaina antolatu dute. Kontzertuak ondorengoak izango dira. Martxoak 17: THC, Sorkun, Chambao, Loquillo y los Trogloditas eta O´Funkillo. Martxoak 18: Morado & Ranking Soldiers, Berri Txarrak, Celtas Cortos, Betagarri. Aurten, AEBtako Living Colour taldea izango da amu nagusia: "Iaz "Live At CBGB´s" diskoa atera zuten, eta gaur egun aurkezpen bira egiten  ari dira Europan. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra Sagarrondotik-en izango da".

Informazio gehiago: www.sagarrondotik.com