Sagardoaren 'Barrikote' festa egingo dute hil honetan Ezkioko Igartubeiti museoan

Sagardoaren 'Barrikote' festa egingo dute hil honetan Ezkioko Igartubeiti museoan Haurrentzako jolasak, musika, barrikote irekiera, eta sagardoaren eta bertako produktuen dastaketa izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sagardoaren-barrikote-festa-egingo-dute-hil-honetan-ezkioko-igartubeiti-museoan/@@download/image/barrikotea albiste.png
2022/03/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Haurrentzako jolasak, musika, barrikote irekiera, eta sagardoaren eta bertako produktuen dastaketa izango dira.
Sagardoaren 'Barrikote' festa egingo dute hil honetan Ezkioko Igartubeiti museoan

Ezkioko (Gipuzkoa) Igartubeiti baserri-museoak Barrikote festaren XVIII. edizioa egingo du martxoaren 26an, 16:30etik aurrera. Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohitura zaharrenetarikoa da festa hau. "Barrikotea ziklo oso baten emaitza da, prozesu luze baten azken uzta, urrian, sagardo astean, sagar prentsaketarako dolarea martxan ipintzen denean, baserri dolarean egindako Igartubeitiko sagardoa dastatzeko urteko une bakarra", azaldu dute Igartubeitikoek. 

Eskaintza gastrokulturala antolatu dute larunbat horretarako, familiei zuzendutako jolasekin eta barrikotearen irekierarekin. Gainera, berrikuntzarik ere izango da aurtengoan, gastronomia munduko pertsona ezagun bat arduratuko baita barrikotearen irekieraz. Kabia jatetxeko Juanma Hurtado, edizio honetako gonbidatuak, irekiko du barrikotea, 17:30etatik aurrera, Kirikoketa taldearekin eta trikitilariekin batera. Horrela, Igartubeiti baserri-museoak omenaldia egin nahi dio Kabia jatetxeari, Juanma Hurtadori eta bere taldeari: "20 urte baino gehiagoko esperientzia duen eskualdeko jatetxea da, gure lurrari oso atxikia, sasoiko lehengaiari, eta jasangarritasunari". Txotx-aren ondoren, sagardoaren eta bertako produktuen dastaketa izango da.

Jarduera honetarako toki mugatua izango dela jakinarazi dute eta aurrez eman behar da izena, online, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzita, edo 943 72 29 78/ 943 72 51 07 telefono zenbakietara deituta, martxoaren 23a baino lehen.

Barrikotearen historia
Honela azaldu dute tradizio honen nondik norakoa Igartubeiti baserri-museokoek: "Igartubeitiko barrikotea prozesu luze baten, ziklo baten emaitza da. Antzina, lan guztiak amaitzen zirenean, upel bat muztioz betetzen zuten. Bi aste beranduago bizilagunen arteko festa bat antolatzen zuten Barrikotea dastatzeko. Baserri Museoan, sagardoa dastatu aurretik lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin".