Sabaia ukitu gabe

Sabaia ukitu gabe https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sabaia-ukitu-gabe/@@download/image/amane_ibanez_01_1380806853.jpg
2013/10/07
erreportajea
Sabaia ukitu gabe
Kirolen berri ematen digu eguerdi eta iluntzetan pantailaren beste aldetik, baina Amane Ibañezek (Mungia, 1989) kantuan esan zituen telebistako bere lehen hitzak.


Haurra zenean, ispiluaren aurrean jarri eta abesten, antzezten, dantzatzen... pasatzen zuen denbora. "Telebistako saio batean nengoela imajinatzen nuen, jolas bat balitz bezala. Beti pentsatu izan dut nire etorkizuna telebistari loturik egongo zela". ETB1-eko Betimu saioa herrira heldu zen berak urte zituenean, eta berehala eman zuen izena; hurrengo urratsa Betizu-ko castinga egitea izan zen, eta beste hainbat gaztetxorekin batera hautatu zuten. "Lagunak saskibaloian, musikan… aritzen ziren; ni aldiz telebistan. Baina ez zitzaidan besteek berezitzat har nindezaten gustatzen".

Lehen aktore lanak Pilotari telesailean egin zituen, hamazazpi urterekin. "Aktore profesionalekin egoteko eta ikasteko aukera izan nuen, eta profesionalki ez ezik, arlo pertsonalean ere hazteko balio izan zidan". Haren ostean gaztetxoentzako Goazen telesailean parte hartu zuen, berriz ere, kantari. Eta goi mailako ikasketak egiteko garaia heldu zitzaionean, Ikus-Entzunezko Komunikazioan matrikulatzea erabaki eta Iruñeara joan zen. Uneotan EITB1-eko albistegiko Kirolak atala aurkezten du eguerdi eta gauetan. "Batzuetan aukerak etorri egiten dira, baina bidea egiten ere ikasi egin behar da, zortea bilatzen. Eta horretarako ezin da ezetzik esan". Badirudi errezeta emaitzak ematen hasi dela!

... eta gaur


Zer moduz aurkezle lanetan?
Oso gustura, eroso sentitzen naiz. Profesional onak ditut aldamenean, eta asko ari naiz ikasten. Gainera, uda honetan estropadetan ere ibili naiz Mikel Olazabal eta Ibon Gastañazpirekin, eta esperientzia benetan polit eta aberasgarria izan da. Denboraldi honetan, bestetik, Euskadi Irratia-n ariko naiz Manu Etxezortuk gidatzen duen kirol tertulian, astelehenero, 11:00etatik aurrera.

Zergatik kirolak?
Aitortzen dut ez nuela sekula nire burua Kirolak aurkezten imajinatuko! Baina horretarako beka bat eskaini zidaten, eta onartu egin nuen. Hasieran galduta ibili nintzen, baina lankideei eta jarritako interesari esker eroso sentitzea lortu dut.

Zer da zailagoa, pertsonaia bat antzeztea ala naturaltasunez berriak ematea?
Esango nuke naturaltasunez berriak ematea zailagoa dela, antzezterakoan errepikatzeko aukera baitago. Platoan eta kalean aldiz, "airean" zaudela, albistea zorroztasunez eman behar duzu, argi hitz eginez baina tentsio puntu hori gordeaz.

Kalean ezagutzen al zaituzte?
Batzuetan bai, eta asko lotsatzen naiz. Edonola ere, beti eskertzen ditut iritziak, onerako eta txarrerako, eta kritiketatik ere, zentzuz eta errespetuz esandakoak badira behintzat, alde positiboa ateratzen dut.

Non dago Amane Ibañezen sabaia?
Duela hiru urte, unibertsitatean nengoela, nire ametsa aurkezle izatea zen. Oraintxe, baina, horretan ari naiz, eta gora egiten jarraitu nahi dut, neure buruari erronka berriak jarri eta horiek betetzen, sabaia ukitu gabe.