S.A. belarriak astintzen

S.A. belarriak astintzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sa-belarriak-astintzen/@@download/image/2p8-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Rafa Cabeza
S.A. belarriak astintzen
S.A. taldeak disko berria kaleratuko du azaroaren 6an, "Polvo en los ojos". Gasteiztarren zazpigarren lana da hauxe. GAZTETXULOn Juan abeslariarekin mintzatu gara. 

Disko berria kalean. Zenbagarrena, honezkero?
Maketa aintzat hartu gabe, zazpigarrena da hauxe.
Maketa duela gutxi kaleratu zenutela dirudi, ordea...
Egia esan, atzera begiratuz gero, denbora azkar pasatu da, hamabi urte dira jada. Eta belaunaldi hartatik, Anestesiak eta guk besterik ez diogu eutsi. Nork esango luke hain muturreko musika eginda, gaur egun gogozbeterik eta indarberrituta jarraituko genuela eta hainbeste jende etorriko zela gure kontzertuetara!
SA-ren lanik onena al da?
Ez dakit, oso erlatiboa da. Oso disko orekatua da eta gure musika estiloan berrikuntza handirik ez dagoen arren, freskoa da, kantu onak ditu.
Ez al da labur samarra?
Gure disko guztiek iraupen bera dute, 35 edo 40 minutu. Nahikoa iruditzen zaigu. Nire ustez, diskoak jendea asetu egingo du. Nahiago dugu hori, jendea aspertzea baino.
Euskarazko abesti bat ere sartu duzue...
"Pauso bat" kantua 1997ko Intsumisio Egunaren harira egindako "Desobedientzia" CD-an ageri zen. Dena den, ez zuen oihartzun handirik izan eta horrez gain, ez genuen behar bezala grabatu. Horrexegatik, kantua asko gustatzen zitzaigunez eta oso jende gutxik ezagutzen zuenez, disko honetan sartu genuen. Letra Jon Maiarena da.
Noizko euskara hutsezko diskoa?
Nik ez dakit euskaraz, ikasten ari naiz, baina oso urrun ikusten dut oraindik arintasunez hitz egingo dudan eguna. Kontuan hartu behar da Gasteizen bizi naizela eta hemen, gero eta jende gehiago euskaraz mintzatzen den arren, ez dela oso ohizkoa entzutea. Oraingoz, ilobekin hitz egiten dut... eta ezer gutxi gehiago. Nola egingo dut bada, disko oso bat?
Euskal Herritik kanpora nola hartzen dituzte zuen kantuak?
Ikaragarria da Granadara joatea eta jende guztia "Demokrazia" kantua euskaraz abesten ikustea! Eta jendea hunkituta, gainera... Energia badago, hizkuntza ez da oztopo. Hala ere, egia da gai honetan aurreiritzi asko dagoela.
Musikan zein giro dago Gasteizen? Harrobia dagoela dirudi...
Taldeak egon badaude, baina hala ere, ez dira gehiegi seriotasunez lan egin eta euren buruan sinesten dutenak.
Itxura batean, gauzak zail samar jartzen ari dira, baita pornografiazaleentzat ere...
Poliki poliki PP hiriaren eguneroko bizimoduan eragiten hasi da. Hiritarron dirua alferrik erabiltzen ari dira frankismo garaikoak diruditen kanpainetan. Titiak erakusten dituzten aldizkariak kioskoetatik kentzen ahalegindu ziren, eta barregarri geratu zirenez eta denek aurre egin zietenez, betiko kioskoei heldu nahi diete orain. Kiosko horiek estilo klasikoa dute, betidanik daude han, hiriko paisajea osatzen dute. Orain esaten dute ez direla legezkoak, enkantean atera eta berritu nahi dituzte. Segurasko beraiek erosi nahi dituzte eta ondoren, neska titiak erakusten dituzten aldizkariak kendu. Azken batean, moralaren eta ohitura onen zaintzaile izaten jarraitu nahi dute eta ildo horretatik, Gasteiz berriro ere beraien ametsetako hiri bihurtu, apaiz eta militarrez betea.
Diotenez, gero eta rock kontzertu gutxiago programatzen dira Espainiako Estatuan. Kezkatuta al zaudete?
Ez dakit, beti egongo da ekimenak bultzatuko dituen jendea, kontzertuak antolatzeko prest. Agian, erakundeak gero eta traba gehiago jartzen ari dira, baina gure inguruan ez dugu horrelakorik nabaritu.
Maketa asko entzuten al duzue?
Bai, maketa asko iristen zaigu bulegora eta denak entzuten ditugu.
Benetako aukera al dute maketa horiek edo hobea da zuzeneko harremana?
Aukera badute, eta maketa bat gustukoa badugu, nahikoa da beraiekin harremanetan jartzeko. Dena dela, taldea edo taldekideren bat ezagutzeak ere asko errazten ditu gauzak.
Oker ez bagaude, nazioarteko proiektuak dituzue eskuartean...
Diskoa zenbait herritan argitaratu eta Latinoamerikan bira bat egin nahi dugu, baina ez dago oraindik oso garbi.