Russell Crowe: Bortitza baina xamurra

Russell Crowe: Bortitza baina xamurra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/russell-crowe-bortitza-baina-xamurra/@@download/image/4p41-1_1361282879.jpg
2001/01/05
erreportajea
Russell Crowe: Bortitza baina xamurra
Trauskila, harroputza eta mihiluzea da Russell Crowe. Morroi zakarra, zinez. Zainetatik barna dabilkion odol maoriak zerikusirik izanen du, beharbada, bere jite basarekin. Itxura gogor horren itzalean, baina, bihotz sentibera ezkutatzen du. Bortitza ezezik, xamurra ere baita Russel Crowe.


Zeelanda Berriko Wellington hiriko Strathmore Park auzunean sortu zen duela 36 urte. Spyforce telesail australiarrean hartu zuen parte mukizu bat besterik ez zenean. Dena dela, musika eta errugbia ikuskizunaren mundua baino areago zituen maite Russell nerabeak. Hala, bere urratsak antzerkira zein telebistara zuzendu arren, beti izan zuen tartetxo bat 30 Odd Foot Of Grunts rock taldeko lagunekin gitarra astintzeko.

The Crossing drama fina izan zen bere lehen film esanguratsua, Futbol partida batean galdutako aurreko hortzaren hutsunea hortzorde batekin estali behar izan zuen film hura errodatu ahal izateko. Bi urte geroago, Romper Stomper gordinak Australiako aktorerik interesgarriena bilakatu zuen galai zeelandarra.

Zinema paisaian aurki zitekeen gizonik sexyena zela aldarrikatu ondoren, Hollywoodera ekarri zuen Sharon Stonek eta elkarrekin egin zuten lan The Quick and the Dead western irensgaitzan. Maitasun harremanak, ordea, porrot egin zuen: "Ez zen gure artean ezer izan; Sharoni gizon inteligenteak gustatzen zaizkio soilik". Ekoizpen kaskarren infernuan hondoratzear zela zirudienean, mundu guztia zur eta lur utzi zuen Russellek L.A. Confidential harribitxi ilunean. Gerora, The Insider ederrean nahiz Gladiator ikusgarrian ere benetako aktorea dela berretsiko zuen.

Prouf of Life filmean Russellen bihotz jostalariaren jabe egin zen Meg Ryan zirraragarria. Komedia erromantikoen erreginak Dennis Quaid senarra ere abandonatu zuen haren pasioak sorginduta. Meg atseginaren irria, baina, ez dirudi pizti zeelandarra otzantzeko nahikoa denik. Pizti orok maitasuna baino areago estimatzen baitu askatasuna.