Ruper Ordorika: "Ez naiz gai iragana zehaztasunez aztertzeko"

Ruper Ordorika: "Ez naiz gai iragana zehaztasunez aztertzeko" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ruper-ordorika-quotez-naiz-gai-iragana-zehaztasunez-aztertzeko/@@download/image/r_1431966648.jpg
2015/05/19
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)
Ikasle garaian Basauriko Pozokoetxe bizitoki zuen garaian maiz aritu zen Ruper Ordorika (Oñati, 1956) Social Antzokian. Datorren larunbatean itzuliko da, eta "garai bateko pasadizoak gogorazita" ilusio bereziz ariko omen da MAZ Basaurin.


Aspaldi Basaurin jo ez duzula kontutan hartuta, nola aurreikusten duzu zure kontzertua?

Garai batean sarriago aritzen ginen bertan, eta polita da berriz Social Antzokian jo ahal izatea!

80ko hamarkadan, ikasle garaian, Basaurin igaro zenituen bi urteek zenbaterainoko eragina izan dute zure ibilbidean?

Aspaldiko urteak ziren, iragan mendekoak! Kar, kar, kar. MAZ Basauriren harira, askok galdetu didate egunotan orduko bizipenen inguruan eta, egiazki, pasadizo bitxiak gogorarazi ditut. Beste mundu bat zen hura! Baina bai, urte horietan hasi ginen Bilbo aldean Pott aldizkariarekin, eta bertatik abiatu zen niretzat gaur arteko harreman emankorra: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Josemari Iturralde, Urrutia Capeaurekin...

Musikan hasi zinenetik 35 urte betetzen dira aurten. Atzera begiratuta, nola laburtuko zenuke zure ibilbidea?
Egunero bada efemerideren bat… Ez dakit, ez naiz gai iragana zehaztasunez aztertzeko. Musika zen neure pasioa eta behar hori asetzeko hasi nintzen kantuan. Geroztik hari horri helduta ibili naiz...

Zertan erranen zenuke aldatu dela musikaren panorama Euskal Herrian?
Musikaren panorama etengabe aldatzen ari dela uste dut nik, hemen eta han. Ikaragarrizko aldaketak heldu dira musikaren zabalpenean, eta baita konposatzeko orduan ere teknologia berrien ondoren.

Euskarri fisikoaren etorkizuna zalantzan jartzen duen horietakoa zara?
Duela hamabost urte gauza beretsuak entzuten genituen euskarri fisikoaren inguruan. LPa desagertu omen zen eta CDa bide beretik joango zela esaten zuten… Kontua da aurten ere, iaz eta duela 30 urte bezala, munduko musikari gehienek diskoak aterako dituztela, dela Jay Z, Beyoncee edo nire auzoko punkiak.... CDak ez dira desagertu eta, nahiz hamaika bide berri egon, inork ez du gauzatzerik izan benetako alternatiba bat. Niretzat misterioa da zergatik ez diren LPa edo CDa euskarri bezala dagoeneko gainditu...

Eta nola baloratzen duzu egungo euskal musikaren zirkuitua?
Oparoa iruditzen zait.

Zertan zabiltza orain?
Kontzertuetan gabiltza eta ez naiz gauza berriekin hasi, ez. Ganbara bete beharra sentitzen dut…

Amaitzen joateko, kontzertuaren aurrerapenik egiterik bai?
Lurrean etzanda azken diskoa, ardatz hartuko dugu eta sasoi ezberdinetako piezak ere sartuko ditugu.

Aurretik ere egin duzue, baina bertze behin, Audiencekin agertokia konpartitzeak zenbaterainoko garrantzia du zuretzat?
Audience talde fina da eta, nahiz norbere kontzertu egunak ez diren horretarako onena izaten, atzera ikusteko gogoz nago.

Beraz, kontzertura joateko zalantzan denari zer errango zenioke?
Joatea erabakiz gero, ez zalantzarik izateko. Animatu!