Rosario Dawson: Gerrillari

Rosario Dawson: Gerrillari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rosario-dawson-gerrillari/@@download/image/rosario_dawson_1370527271.jpg
2013/06/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Rosario Dawson: Gerrillari
Etxeko itokinak konpontzeko ere ez daukazunean, dirusarrera oro ongi etorria izaten da. Ziurrenik beste baldintza batzuetan, Rosario Dawsonen gurasoek ere bi aldiz pentsatuko zuketen, baina familiaren egoeraren larritasuna ikusita, baiezkoa izan zen erantzuna.

Zertaz ari garen? 16 urteko Rosario etxeko leihotik begira ikusi eta esku artean zuten gidoirako neskatxa perfektua iruditu zitzaien Larry Clark eta Harmony Korineri. 1994a zen eta hamarkadako filmik polemikoenetakoa errodatzen hastekoak ziren. Adingabeak, drogak, sexua eta GIB/HIESa: Kids.

Puerto Rico, Kuba, Afrika eta Amerikako indiarren odola zainetan, komunitate afroamerikar eta latindarrari zuzendutako filmetan hasi zen karrera egiten. Spike Leeren He Got Game (1998) Denzel Washingtonekin batera, edota ikasle gatazkatsuen gaia hizpide zuen Light It Up (1999) kasu. Noski, laster agertu zitzaion ekoizpen entzutetsuetara jauzi egiteko aukera, Men in Black II (2002) adibidez, baina ez bidean zailtasunik aurkitu ez zuelako: "Arrazakeria jasan izan dut", salatu izan du Dawsonek behin baino gehiagotan. Hala, komunitate latinoaren defendatzaile sutsua da. Berak sortu zuen, adibidez, Voto Latino izeneko erakundea, gazte latindarrak AEBetako hauteskundeetan bozkatzera animatzeko.

2004an Oliver Stonen esanetara aritu zen Alexander epikoan, urtebete geroago Frank Millerren komikian oinarritutako Sin City goraipatuan zaleek maiteen duten pertsonaietako bat izan zen, Gail izeneko sexu langilea; eta ondoren, kantatzeko dituen dohaiak erakutsi zituen Rent (2005) musikal entzutetsuan. Betidanik izan du musika begiko Dawsonek, are gehiago, Prince eta Outcasten kanta banatan ere parte hartutakoa da. Baina musika eta bideoklip zaleek galdu ezin dutena: Chemical   Brothersen Out of Control. EZLNko gerrillari paperean ezin sutsuago dago neska. Zinemara bueltan, hilabete honetan beste zuzendari saritu baten lan berria estreinatuko du Dawsonek, Danny Boyle (Slumdog Millionaire, 2008) koloretsuaren Trance. Eta urtea amaitu aurretik helduko da Gail berriz ikusteko aukera: A Dame to Kill.

Nortasun Agiria


Izena: Rosario Dawson
Jaioteguna: 1979-05-09
Jaiolekua: New York (AEB)
Aktore kuttuna: Marilyn Monroe
Film maiteena: Reservoir Dogs (Quention Trarantino, 1992)
Maite du: Star Trek
Gorroto du: Glamourra