Rosaliak BEC-en emango du kontzertua uztailean
Rosalia kataluniarra Barakaldoko BECen arituko da uztailaren 27an, Motomami mundu mailako biraren barruan. Berrogeita sei kontzertu eskainiko ditu orotarara eta bihar, hilak 22, jarriko dituzte sarrerak salgai, 10:00etan, musikariaren webgunean. Aurrez sarrera erreserbatzeko aukera ere ipini dute.
Almerian hasiko du bira uztailaren 6an eta hainbat kontzertu egingo ditu Espainiako Estatuan, tartean Sevillan, Granadan, Malagan, Bartzelonan eta Coruñan. Amerikara joko du ondoren, eta han Mexiko, Brasil, Argentina, Txile, Kolonbia, Dominikar Errepublika, Puerto Rico eta Kanadan izango da. Estatu Batuetan ere hainbat kontzertu emango ditu, esaterako Boston, New York, Miami, eta San Diegon. Europan ere egingo ditu geldialdiak birak, Berlin, Amsterdam, Lisboa eta Londresen, besteak beste. Azken kontzertua Parisen egingo du abenduaren 18an.
Motomami diskoak zeresan handia eman du mundu mailan, eta musika entzuteko plataformetako lehen postuetan egon da. Esperimentatzeko baimena eman dio Rosaliak bere buruari azken lan honetan, eta estilo ugari nahastu ditu: reggaetoia, flamenkoa, boleroak, jazza, elektronika...


