Rosa Valverderen arte-kaxekin osatutako erakusketa ireki dute Donostian
Rosa Valverde. Arte kaxak izenburupean, artista donostiarraren kaxekin osatutako erakusketa monografikoa zabaldu dute Donostiako San Telmo Museoan. Egileak sortutako arte-kaxa guztien ia erdia, 52 kaxa, bildu dira, 1975etik eta 2012ra arte sortuak, bisitariari haren unibertsora hurbiltzeko aukera emango diotenak. Horiekin batera, artistari buruzko bideo bat eta tamaina handiko bi argazki ere ikus daitezke. Erakusketaren komisarioa Isabel Sagues da.

Honela azaldu dute antolatzaileek erakusketaren nondik norakoa: "Kaxak dira, ziur aski, Rosa Valverderen sorkuntzarik intimoenak eta pertsonalenak. Hainbat objektuz osaturik daude, baina objektuek, bere horretan, solte, ez daukate baliorik. Objektu aurkituak dira, adiskideen opariak batzuetan edo bazar eta azoketan topatutakoak bestela. Horiek uztartzeko erabilitako lengoaia berezkoa da, aurreiritzirik gabea, erabateko askatasunaren jarreratik landua; funtsezko osagaiak dira umorea eta ironia. Sorkuntza hauek kitscha gogorarazten dute batzuetan, edo gauza kursiez baliatzen dira ziztatzeko, kontrasteak sortzeko".

Rosa Valverde (Donostia, 1953-Azkaine, 2015) artistak hainbat motatako sorkuntza artistikoak jorratu zituen bere ibilbidean: margolanak, marrazkiak, grabatuak, objektu-eskulturak... eta baita arte kaxak ere, azken hauek batez ere 2000. urtetik aurrera.
Erakusketa hau proiektu handiago baten barruan kokatzen da, Baginen bagara, bere helburuen artean inguruko artistak ikusaraztea duena. Rosa Valverderen lana lehenago ere ikusi ahal izan da San Telmon – besteak beste, artistak 1978an museoan egin zuen bakarkako lehen erakusketan –, eta orain, kutxak erakusteko aukera aprobetxatuz, formatu hori landu zuen sortzaile donostiarrarengan zentratutako ikerketa-kasu gisa planteatzen da, bere berezitasuna erakusteko.

Erakusketa museoko laborategian izango da ikusgai, doako sarrerarekin, martxoaren 13ra arte, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Hiru bisita gidatu izango dira martxoan, eta euskarazkoa martxoaren 3an izango da, 18:00etan. Aurrez erreserbatu behar da bisitetarako lekua. Erakusketarekin batera katalogoa ere argitaratu da, Isabel Saguesen eta Fernando Golvanoren testuekin.
Jarduera osagarriak
Erakusketaren bueltako ekintzak ere antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Otsailaren 16an, 19:00etan, Rosa Valderderen kaxen inguruko hitzaldia emango dute Isabel Sagues eta Fernando Golvanok. Sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta streaming bidez ere eskainiko dute. Martxoaren 6an, 12:00etan, Aurora Bengoetxeari eta Valberde berari buruz arituko da hizketan M. Jose Aranzasti, ezagutu eta aldarrikatu beharreko bi artista handi direla nabarmentzeko. Azkenik, Aran Santamariak familientzako artista tailerra egingo du otsailaren 12an, 17:00etan, 6 eta 12 urte arteko haurrekin. Santamaria artistak papera erabiltzen du, collage, pop-up eta liburu eraldatuen bidez obra poetikoak sortzeko.

