Rock, folk, blues, jazz eta tango doinuak izango dira Bilboko 'Musikauzo' programan

Rock, folk, blues, jazz eta tango doinuak izango dira Bilboko 'Musikauzo' programan Hamabi kontzertu egingo dituzte irailean, eta lehenengoa larunbatean izango da, Ziztada&Rlantz reggae-dub taldearekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rock-folk-blues-jazz-eta-tango-doinuak-izango-dira-bilboko-musikauzo-programan/@@download/image/181912571_1383867965321832_123151309912013531_n.jpg
2022/08/31

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamabi kontzertu egingo dituzte irailean, eta lehenengoa larunbatean izango da, Ziztada&Rlantz reggae-dub taldearekin.
Rock, folk, blues, jazz eta tango doinuak izango dira Bilboko 'Musikauzo' programan

MusikAuzo programaren egitarauan hamabi emanaldi izango dira irailean Bilboko zenbait auzotako plaza eta txokotan. Lehenengo hitzordua larunbatean izango da, irailaren 3an, Atxuriko Enkarnazio Plazan, 20:00etan. Ziztada&Rlantz reggae-dub bikote gaztea arituko da, eta euren ibilbideari egingo diote errepasoa, ikuspegi sozialeko letra alternatibo eta aldarrikatzaileak dituzten kantuekin. 

Irailaren 8an, musika beltzaren bertsioak egiten dituen Mississippi Queen taldea izango da Indautxu plazan. Hurrengo egunean, irailak 9, erritmo latinoen fusioa zabalduko du La Tokokera-k Iturriondo plazan. Irailaren 10ean Starblues blues eta rock taldearen txanda izango da, Lehendakari Aguirren. 

Aitor Furundarena eta Bilboko Udal Txistulari Banda izango dira irailaren 15ean. Txistua, akordeoia eta ahotsaz gain, Oinkari Dantza Taldearen dantza ere izango ditu osagai emanaldiak. Hurrengo egunean, folk ukituak dituen rock alternatiboko Deep Sea Monk arituko da Arabella plazan. 

Irailaren 22an, Peru Galbete musikariak eskainiko du kontzertua Indautxu plazan. Apirilean kaleratutako Beiratu diskoa aurkeztuko du. Egun berean, Leonardo Alonso izango da Juan XXIII plazan. Río de la Platako tangoen konpositore eta autore ezagunenak omenduko ditu Alonsok, bere moldean. Irailaren 25ean ere arituko da Altamirako frontoian.

Azkenik, irailaren 24an, Antuxuna eta Patx izango dira Masustegin. “Itoizezank! Abar” irratsaioko gidariak dira eta Sigrid erreginaren bila murgilduko dira Itoiz taldearen unibertsoan barna, irudi eta doinuak berrulertuz eta magazin surrealista bat aurkeztuz. Egun horretan bertan, Uretamendi plazan, The Binilo's hirukote umoretsua izango da. 30, 40, 50 eta 60ko hamarkadetako abestien bertsioak taularatuko dituzte, eta garai horietako irratsaio bat irudikatuko dute.