Robotika etxean

Robotika etxean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
erreportajea
Robotika etxean
Robotak betidanik izan dira gure artean, baina badirudi zientzia fikziozko filmetan ikusi ditugun gizaki itxurakoak ere gure etxeetan izatetik gero eta hurbilago daudela.


Hollywoodeko filmetan robotikak beti izan du xarma berezia, eta denetariko robotak ikusi ditugu zientzia fikziozko ekoizpenetan: gizakiak egin nahi ez dituen lanak egiten dituztenak, ibilgailuak gidatzen dituztenak edo besterik gabe pertsonei konpainia egiteko garatu direnak. Orain, XXI. mendea aurrera doan heinean, zientzia fikziozko filmetan ikusi ditugun robotak dira benetakoak bihurtzen ari direnak.

Etxea garbitzen duen robot xurgatzaileak dagoeneko ohiko bihurtu dira gure etxeetan; horren antzerako sistema erabilita etxeetako leihoetako kristalak garbitzen dituena ere garatu dute. Windoro izen komertziala duena, adibidez, dagoeneko merkaturatu dute.

Pixkanaka aurrerapausoak eman eta adimen artifiziala gero eta garatuagoa duten robotak izango ditugu inguruan. Adminen artifizial horri esker, robotak gure ekintzetatik ikasteko ahalmena eskuratzen ari dira. Adibidez, zein hizkuntzatan hitz egiten ari garen identifika dezakete, eta euren kabuz hizkuntza ikasteko trebezeia ere garatzen ari dira. Bestalde, errealitate areagotuan egin diren aurrerapenak ere oso garrantzitsuak dira. Horri esker, gaur egungo robotek objetuak ezberdindu ditzakete, eta ondorioz, euren ingurunera gero eta modu eraginkorragoan egokituko dira.

Baina ez hori bakarrik, izan ere, gizaki itxura duten robotak gure etxeetan izango omen dira aurki. Star Wars (George Lucas, 1977) filmean ezagutu genuen R2D2 hartatik gizakion fisionomiara hurbiltzen joan diren robot asko ikusi ditugu azken urteetan. Eta, adibidez, I, robot (Alex Proyas, 2005) filmekoaren antzerakoak dira gaur egun jada garatuta daudenetako asko. Azken urteetan motore, sensore eta azal sintetikoen alorrean emandako aurrerapausoek zeresan handia dute horretan.

Adibide batzuk baino ez jartzeagatik, Honda etxeak 2000. urtean aurkeztu zuen ASIMO urtetik urtera gaitasun berriak eskuratzen ari da, eta azken bertsioak zeinu hizkuntzan hitz egin dezake edota bederatzi kilometro orduko abiaduran oinez egin; Japonian garatu duten HRP-4C robotaren ondorengoak gizakion aurpegiko espresioak imitatzeko gai dira; edota NASAk (AEBetako espazioaren gobernu-agentziak) dagoeneko espazioan misioak burutzen jarrita dauka Robonaut izenekoa, gerritik gora da gizakion antzerakoa dena. Eta jakina denez, NASAk bere misioetarako garatutako teknologietako asko urte gutxira gizarteratzen dira.

Adituek diotenez, hurrengo urteetan robotikak gizartean izango duen eragina industria iraultzak eragindakoarekin konparagarria izango da. Agian gehitxo esatea da, baina ziurrenik ez da urrun ibiliko.

Harritu gaitu



Poppy Project
Norberak bere etxean montatu eta programatu dezaken robota da Poppy.

Katxondoena



Franky Fyer
Britainia Handiko umoregilea da. Bera da Donostiako egunean grabatutako bideo biralaren protagonista.

Informazio bila



Robotic Lab
Robotikaren inguruko web orrialde interesgarria. Albiste eta bideo interesgarri ugari aurkitu daitezke.