Roba Estesa talde katalanak aniztasuna ospatzen duen 'Desakatant' kantua kaleratu du

Roba Estesa talde katalanak aniztasuna ospatzen duen 'Desakatant' kantua kaleratu du Otsailaren 29an, "De lo bo, lo millor" diskoa plazaratuko dute, popa eta elektronika uztartzen dituen hamaika abestiko diskoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/roba-estesa-talde-katalanak-aniztasuna-ospatzen-duen-desakatant-kantua-kaleratu-du/@@download/image/Copia de ROBAESTESA·2324_Premsa_V4.jpg
2024/02/06
Otsailaren 29an, "De lo bo, lo millor" diskoa plazaratuko dute, popa eta elektronika uztartzen dituen hamaika abestiko diskoa.
Roba Estesa talde katalanak aniztasuna ospatzen duen 'Desakatant' kantua kaleratu du

Aniztasuna ospatu eta arauaren aurka egiten duen Desakatant singlea kaleratu du Kataluniako Roba Estesa taldeak, hilabete bukaeran argitataratuko duten disko berriaren aurrerapen kantua. Singlea kolektibitate ez-normatiboen indarraz ari da, eta LGTBIQ+ errealitate guztiak aldarrikatzen ditu. Kantuen hitzekin egindako bideoan deabrua irudikatu dute, "infernuaren, bekatuaren, tentazioaren eta tradizioaren iruditeriaren metafora gisa". Doinu aldetik ere anitza da, neotradizioa, popa, rocka eta elektronika josten baititu. Kquimi Saigi izan da ekoizlea. 

Otsailaren 29an zabalduko dute hamaika abestiz osatutako De lo bo, lo millor diskoa. Taldeko bost kidek konposatu dituzte abestiak eta kolaborazioak ere izan dituzte: La Furia, Pau Debon i Joan Miquel Oliver (Antònia Font), Lidia Facerías, Tremenda Jauría, Clara Colom eta Alba Magriñà.

Disko berriak soinu zein aldarte ugari biltzen ditu eta kantuak "egunerokoa" dira, non "millenial belaunaldiko egunerokotasuna eta horrek eragiten dien ezegonkortasuna" azaltzen duten: "Hamar urte elkarrekin musika egiten eman ostean, alde erromantikotik, erotikotik, sexytik hitz egiten dugun lehenengo aldia da. Talde feminista bati inposatzen zaion presioa gainetik kendu dugu, termino politiko esplizituetan soilik hitz egin dezakegula sinestarazi baitigute. Oraingoan, gure nortasunez eta gure loturez hitz egin nahi izan dugu. Zehazki, araugintzatik ihes egiten dutenak: lagunak, hautatutako familia, bikoteak, bikote ohiak...".

Hala, Cuqui desastre abestian "bizi dugun mundu frenetikoa" deskribatu dute; 1312 (La Furiarekin batera) kantua botere-abusuen aurkako oihu amorratua da; Amb calma abestiak hogeita hamar urte izateak eragiten duen krisiaren kontraesanak kontatzen ditu;  Stikinlova-k udako lagun eta maitasunen poza islatzen du; eta LNTMNT kantuak banaketa baten mina deskribatzen du.

Diskoa aurkezteko bira ere izango da. Bartzelonako Apolo Aretoan hasiko dute, Udaberriko Cruïlla Jaialdiaren baitan, martxoaren 21ean.

Helena Bantulà i Fonts (gitarrak), Laia Casanellas Blanquer (gitarrak eta ahotsak), Clàudia García-Albea Sánchez-Casas (biolina eta ahotsak), Gemma Polo Bosch (ahotsa) eta Anna Sardà Esporrín (baxua eta ahotsak), Lidia Facerías (teklatuak), Xerach Peñate (bateria) eta Eiden Sánchez (zeinu-hizkuntza katalanez) dira taldeko kideak.