Rinko Kikuchi: Historia begiradan

Rinko Kikuchi: Historia begiradan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rinko-kikuchi-historia-begiradan/@@download/image/rinko_kikuchi_1385647467.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Rinko Kikuchi: Historia begiradan
Charles Chaplin, Buster Keaton edota Harold Lloydek erakutsi zuten hitzik gabe aktoreak badituela nahikoa errekurtso istorioak kontatzeko. Japonian ere, Kenji Mizoguchi maisuak harribitxi zenbait utzi zituen soinua zeluloidera sartu aurretik.

Hala, sarritan gutxietsi egiten den modelo lana eskola ezinhobea izan daiteke aurpegi eta gorputzaren espresibitatea lantzeko. Rinko Kikuchi hamabost urterekin hasi zen modelo lanetan.

Pantaila handian agertu zen lehen aldia 1999an izan zen, 60ko hamarkadan Nagisha Oshima edota Shohei Inamurarekin batera japoniar olatu berria osatu zuen eta Mizoguchiren ikasle izan zen Kaneto Shindo zuzendariaren Ikitai filmean. Hurrengo urteetan hainbat filmetan parte hartu zuen, eta bere lana mundu zabalean erakusteko aukera ere izan zuen, adibidez, Katsuhito Ishiiren Cha no Aji (2004) filma Cannesen aurkeztuta.

Nazioartean ezagun egin zuen filma, baina, Alejandro González-Iñárritu mexikarraren Babel arrakastatsua izan zen. Chieko izeneko neska japoniar gormutua gorpuzteko ekoizleek aktore gormutu bat kontratatzeko asmoa zuten arren, Rinkok hitzik gabe guztia esateko zuen gaitasuna ikusita, ideiaz aldatu zuten. Minez eta intentsitatez betetako lan horigatik bigarren mailako aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Nazioarteko ateak zabaldu zitzaizkion orduan. Adibidez, Rian Johnson estatubatuarraren The Brothers Bloom (2008) lapurreta komedian berba gutxiko Bang-Bang lehergailu-aditua izan zen, edota Isabel Coixet kataluniarraren Map of the Sounds of Tokyo (2009) thrillerrean bizitza paraleloak zeramatzan soldatapeko hiltzailea. Eta azpimarratzekoa, Tran Anh Hung vietnamdarraren Noruwei no mori (2010) draman egindako lana, Haruki Murakamiren eleberriko pertsonaiaren emozioak pantailatik haratago eramanez.

Aurten, beste mexikar laudatu baten azken lanean ikusi ahal izan da Rinko, Guillermo del Toro fantasiaren maisuaren Pacific Rim filmean. Eta fantasia, abentura eta ipuinen bidetik, Mizoguchik berak jada 1941ean pantailaratu zuen Chushingura Japoniako kondairarik ezagunenetakoa egokituko duen 47 Ronin filmean parte hartuko du. Are gehiago, ejerzito oso bati aurre egin zioten 47 samuraien efektu bereziz betetako balentriaren kontaketa horretan, Rinko izango da gaizkiari giza aurpegia jarriko dion herensugea.

Nortasun Agiria


Izena: Yuriko Kikuchi.
Jaioteguna: 1981-01-06.
Jaiolekua: Hadano (Japonia).
Mutil-laguna: Federico Aletta aktorea.
Aktore kuttuna: Miyoshi Umeki.
Film maiteena: Chikamatsu Monogatari (Kenji Mizoguchi, 1954).
Kirol bat: Hipika.
Maite du: Txokolatea.
Gorroto du: Alfonbra gorria.