Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia martxan da

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia martxan da Kazetaritza eta Komunikazio Sarirako hautagaitzak proposa daitezke irailaren 19ra bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rikardo-arregi-kazetaritza-sariaren-deialdia-martxan-da/@@download/image/img_642d14c72c17a.jpg
2023/04/11
Kazetaritza eta Komunikazio Sarirako hautagaitzak proposa daitezke irailaren 19ra bitarte.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia martxan da

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 35. edizioan ere Kazetaritza saria eta Komunikazio Sarirako finalistak izendatuko dira, bakoitzetik lau gehienez. Edonork proposa ditzake hautagaitzak, norbere buruarena edo beste norbaitena. Dena den, finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezkoa izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana.

Kazetaritza sariari dagokionez, 2022ko irailaren 16tik 2023ko irailaren 15era bitarte egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Irabazleak 9.000 euroko saria eta Xabier Lakak egindako irudi artistikoa jasoko du. 

Komunikazio saria, berriz, "euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren" ekimenei zuzendutakoa da. 2022ko irailaren 16tik 2023ko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi edota zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, "epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta "teknologiaren erabilera berritua". Saridunak 9.000 euro eta Xabier Laka eskultorearen irudia jasoko du.

Proposamenak irailaren 19ra arte aurkez daitezke, Andoaingo Udalera posta arruntez bidalita edota helbide elektroniko honetara: raks@andoain.eus.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza Ruiz de Alda (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Miren Gabantxo Uriagereka (UPV/EHUko Gizarte eta KomunikazioZientzien fakultateko irakaslea), Pantxika Maitia (kazetaria) eta Ion Muñoa Errasti (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea).

Azaroaren hasieran emango da finalisten berri, eta sari banaketa ekitaldia azaroaren 29an izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean.