Rich Man Poor Man

Reggae musikan, beste musika estiloetan bezala, abeslari gutxik lortzen dute arrakasta. Bob Marley kenduta, gutxi dira reggae musikarekin lotutako izenak eta, Jamaikako musika zale askoren artean ere, hainbat eta hainbat reggae kantari ezezagunak dira oraindik. Zenbait arrazoi daude horretarako, baina ez dugu horretaz jardungo hemen. Gaurkoan, itzalean egondako abeslari horietako bat ekarri nahi dugu gogora. Abeslari gutxik dute Barry Brown-ena bezalako ahots fin eta pribilegiatua. Moll Selekta diskoetxearen lan honi esker, Brown-ek 1978tik 1980ra bitartean The Aggrovators, Revolutionaries, Roots Radics eta High Times taldeetako musikariekin grabatutako harribitxien bildumaz goza dezakegu orain.