RIAD

Riaden luxuzko urbanizazioek, diseinu modernoko etxe-orratzek, eta ibilgailu garestiek osatzen dute hiriko paisaia. Saudi Arabia munduko lehen petrolio ekoizlea izanik, hiriburuak aberastasun horren isla izan behar duela diote harrotasunez bertako agintariek. Dirua, ordea, ez da beti garapenaren baliokide izaten. Human Rights Watch taldeak salatu duenez, bertako auzitegiek sorgin ehizak (literalak) burutzen dituzte oraindik ere. Berriki heriotza zigorra ezarri diote Ali Sibat libanoarrari, etorkizun iragarle bezala satelite bidezko Seherezade telebista kateko izar nagusienetarikoari. Halakorik ere!