[GOMENDIOA] RHYE: MUSIKA ETA SENTSUALITATEA
![[GOMENDIOA] RHYE: MUSIKA ETA SENTSUALITATEA [GOMENDIOA] RHYE: MUSIKA ETA SENTSUALITATEA](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rhye-musika-eta-sentsualitatea/@@images/a5007989-a97b-474d-b62e-df9e50c32f3e.jpeg)
Tempo pausatuak, gitarra isilak eta proiektu guztiaren oinarria den ahots androgino iradokitzaile eta limurtzailea. Mike Milosh-en ahotsa musika bihurturiko intimitatea da. Iaz Blood diskoa argitaratu zuen intimitatearen zokorik kitzikagarri eta atsegingarrienak arakatzen jarraituz eta oraingoan, Spirit lanarekin dator, udaberrian hain zuen, gure alderik sentsualena ateratzeko asmoz.
Mike Milosh-en musikak inoiz baino barnerakoirago jarraitzen du. Sentsuala da bai bere musika, baina ez esplizitua. Sexuari buruzko erreferentziez gainezka dagoen gizartean, non gorputzaren gehiegizko kultua dagoen, Rhye oasi bat da. Milosh-ek ez du agintzen, iradokitu egiten du. Entzulea ez du tontotzat hartzen eta guztia xehatuta eman beharrean, bere mezua zolitasunez zabaltzen du, ulertu baino, zentzumenekin gozatzen diren erritmoak sortuz. Rhye-ren musika iruditan jarri behar balitz, plano motelez betetako zuri beltzeko pelikula dotore bat litzateke. Mundu gero eta hotzago honetan Needed bezalako kantuak besarkada bizigarriak dira. Aipatzekoa da Patience abestia ere, Ólafur Arnalds-ek bere magiaren zati bat uzten baitu bertan. Haatik, lan osoa berehala igarotzen da, helarazten duen intimitate hauskor bezain indartsuan kulunkan. Garrasika baino ulertzen ez garela dirudien mundu honetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira xuxurlatutako mezuak.