R.E.M. taldeak adio

R.E.M. taldeak adio https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rem-taldeak-adio/@@download/image/20119236341rem.jpg
2012/12/13
berria
R.E.M. taldeak adio
Banda estatubatuarrak bere ibilbidea hasi eta 31 urtera iragarri du behin betiko agurra. Kaleratutako oharrean, eskerrik beroena eman diete zale eta jarraitzaile guztiei. 

Atzean geratu dira 15 disko, kritikaren errespetua eta dagoeneko rockaren historiaren parte diren makina bat kanta. R.E.M., 1980 urtean Georgian (AEB) sortutako bandak inork espero ez zuen disoluzioa iragarri du. Modu elegantean egin dute, urteetako fideltasuna eskertzen duten prentsa ohar baten bidez.
Michael Stipe abeslariak adierazi duenez, orain "beste norabide batzuetan" aurrera egiteko garaia heldu zaie, nahiz eta Mike Mills bajistaren hitzetan zintzotasun gehiago antzeman daitekeen: "Azken biran zehar gure buruari galdezka hasi ginen: eta orain zer?". Dena dela, Peter Buck gitarra joleak ate bat zabalik utzi du itzulerarako: "Lagun handiak gara, eta badakit elkar topatuko dugula etorkizunean ere".
Hedabideei eta jarraitzaile guztiei zuzenduriko notan, taldekide guztiek bat egin dute euren arteko "armonia" azpimarratzerakoan. Erabakia bateratua izan dela diote, tarteko liskarrik gabe eta abokatuen bitartekaritzarik gabe.
Michael Stipe, Peter Buck, Mikel Mills eta Bill Berry musikariek osatutako laukoteak gerora rock alternatiboa izango zenaren oinarriak finkatu zituzten. Chronic Town (1982) ep-a eta Murmur (1983) izan ziren euren aurkezpen karta, eta Document (1987) eta Green (1988) lanek iragarri zuten zer edo zer handia zetorrela. Out of Time diskoarekin heldu zen une gorena, 10 milioi ale saldu baitzituzten mundu osoan zehar. Ondoren etorri ziren Automatic for the people (1992), Monster (1994) jada jendentza mugitzeko gai zen banda handi gisa, eta New adventures in Hi-Fi (1996).
Zenbait urte gorabeheratsuren ostean, gainbeherari aurrea hartu eta adio esateko erabakia hartu dute orain. Musikaren historian lekutxoa egin dute, handienen alboan.