REM: Melodiaren maisuak

REM: Melodiaren maisuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rem-melodiaren-maisuak/@@download/image/9p12-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Leoz
REM: Melodiaren maisuak
Maiatzaren 14an argitaratu zen "Reveal" R.E.M. talde amerikarraren azken lana. Hau idazterakoan, aurrerapen gisa kaleratutako"Imitation of life" izeneko kantuak genekiena baieztatu baino ez du egin: gitarrak eta melodiak uztartzen dituen zientzian Michael Stipe-ren mutilek aspaldi egin zuten masterra.

R.E.M. taldea modan ipini zuen diskoak "Garaiz kanpo" izena zuen ("Out of time", 1989). "Losing my religion" abestiaren bideoan Michael Stipe-k egindako dantzak beste edozeinek baino imitatzaile gehiago izan zituen ("Pulp Fiction" iritsi zen arte), eta kantu bera, ohizko egiturak errotik aldatu zituena, 1990. urtean Europako zein EEBBetako irratietan gehien jarritakoa izan zen. Orduan ezagutu zuten askok Georgiako Athens-eko taldea. Dena den, ordurako bide luzea egina zuten, "Amerikar Rock Berria" izeneko mugimenduaren barruan sortu zirenetik, hasieran Green On Red-en itzalpean.  
R.E.M. belaunaldi oso baten gidari bilakatu ziren, euren Rickenbaker gitar soinu partikularrari esker; anglo-amerikar musikan betikoak ziren doinuak berritu zituzten (country eta folk ukituak, adibidez, taldearen disko gehienetan soma daitezke), eta bide alternatiboak erabili zituzten euren musika zabaltzeko, unibertsitate irratiak (College Radio-ak), esaterako. Honi guztiari jarrera ezkertiarra gaineratu zioten eta, azkenik, lehenengo anti-izarra sortu zuten, Michael Stipe, taldeburu lana apaltasunez eta ia ezkutuan betetzen zuena, garai bateko Elvis edo Mick Jagger-en antitesia. Hortaz, hastear zeuden Kurt Cobaini, Eddie Vedderri eta enparauei bidea ireki zieten. Georgia-koek grunge mugimenduaren euskarriak jarri zituzten.
"Boston's Greatest Hits"
Kaleratzear dagoen diskoak izenburu hauxe izan behar zuen, "Boston's Greatest Hits", baina horrek seguru asko lege arazoak ekarriko zituenez, bigarren aukeraren alde egin zuten: "Reveal" ("Adierazi" edo "Kontatu"). Lan berri honi taldeak hiruko moduan ekin dio, 97an Bill Berry bateria joleak taldea utzi eta gainontzekoek ez baitzuten bere ordez inor sartu nahi izan. Orduz geroztik, sesio bateriak erabili ohi dituzte (zuzenekoetan, batez ere) eta erritmo kaxak.
"Reveal" diskoaren grabaketa eta nahasketa lanak Vancouverren, Miamin eta Dublinen egin ziren iragan neguan. Euri zaparradak etengabeak izan omen ziren hiru tokietan lanean ari ziren bitartean. "Halako eguraldi txarra genuenez", dio Michael Stipek, "konturatu gabe, eguzkia bilatu nahi genuen gure lanean, abesti argitsuak eta baikorrak irten zitzaizkigun, R.E.M. estilokoak erabat, baina, azkenik geu gara R.E.M, ezta?".