Reese Witherspoon: Musa irribarretsua

Reese Witherspoon: Musa irribarretsua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Reese Witherspoon: Musa irribarretsua

Ez zuen inoiz aktore izatearekin amets egin. Patua, ordea, apetatsua ohi da usu. Hala, halabeharra lagun, Robert Mulligan entzutetsuaren "The Man in the Moon" sentiberan rol nagusia erdietsi zuen. Oharkabe, ikusleen bihotza zein zinema kritikari zorrotzenen arreta ere bereganatu zituen Reese xaloak. Handik gutxira, telebistan eta zineman lan egiteko eskaintzak bata bestearen atzean metatu zitzaizkion. 
Disney konpainiaren film moralista kerratuenetan aingerutxo ilehoriaren rola jokatzeaz akituta, bere zinema ibilbide oparoa kinka larrian jar zezakeen bihurgune arriskutsu bat hartu zuen neskatoak "Freeway" ilunarekin. Aipatu filmean Kiefer Sutherland psikopata ankerra limurtzeko gai zen txanogorritxo odoltsu hark, ordea, ospea ez ezik, zinemagile finenen miresmena ere ekarri zion Reese ausartari.
"Freeway" kultuko filmaren ostean, Robert Benton eta Gary Ross zinemagile interesgarriekin lan egiteko parada izan zuen. Lehenarekin, "Twilight" thriller beltza errodatu zuen. Rossekin, aldiz, "Pleasantville" ederra. Sasoi hartan, hain zuzen ere, bere bihotzeko azukre koskorra ezagutu zuen. Gonbidaturik ez zegoen arren, Reesen urtebetetze festara joan omen zen Ryan Phillippe aktore erakagarria txanpaina doan zela jakin zuenean. Gau hartan bertan, gartsuki jo zituen maitasunak Ryan eta Reesen bihotzen ateak. 
Euren artekoak Zinemaren Mekan hain ohikoak diren harreman iragankor horietariko bat zirudien arren, lau urte daramatzate elkarrekin jada. Ezkonduta daude, eta Ava Elizabeth izeneko alabatxoa dute. Eta, gainera, haurdun omen dago berriz ere Reese Witherspoon. Zineman ere primeran doakio irri eztiko ilehoriari. Alexander Payne maltzurraren "Election" gazi-gezan zinema aditu guztiak ahoa bete hortz utzi ostean, arrakasta komertzial ikaragarria lortu baitu "Legally Blonde" eta "Legally Blonde II" komedia arin eta atseginekin. Paradoxikoa bada ere, Hollywoodeko ekoizleen eta zinemagile independienteen musa bilakatu da Reese Witherspoon. Ez alferrik, baina. Munduko pertsonarik tristeena ere alaitzeko moduko irria du-eta Nashvilleko ilehoriak.

Nortasun Agiria
Izena: Laura Jean Reese Witherspoon.
Jaioteguna: 1976-III-22
Jaiolekua: Baton Rouge (Louisiana/AEB).
Senarra: Ryan Phillippe aktorea.
Zaletasunik gustukoena: Irakurtzea.
Bizio bat: Ava Elizabeth alabatxoa.
Maite du: Halabeharrak dakartzan ezuste atseginak.
Gorroto ditu: Ilehoriak eta tuntunak nahasten dituzten gizonak.
Pertsonaia historiko bat: John Witherspoon. Bere aurrekoetako horrek Amerikako Independentzia Deklarazioa sinatu zuen.
Aktorerik estimatuenak: Paul Newman eta Susan Sarandon.