Rebecca Romijn-stamos: Tentazio ilehoria

Rebecca Romijn-stamos: Tentazio ilehoria https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Rebecca Romijn-stamos: Tentazio ilehoria

Berkeley hirian jaio zen, ameslari idealistenek kalez kale beste mundu bat posible zela aldarrikatzen zuten sasoian. Hippy artean hezi zen arren, balio kontserbadore sendoak ditu. Musika ikasketei ekin zien Kaliforniako Unibertsitatean, baina berehala utzi zuen guztia modelo bihurtzeko. Besteak beste, Christian Dior, Victoria's Secret eta Escadarentzat lan egin izan du. Dena dela, "GQ" aldizkariaren azal batek egin zuen famatu. Dennis Rodman saskibaloi jokalari bitxiarekin agertzen zenekoak, hain zuzen ere. Harrez geroztik, indartu egin da nabarmen bere zinema ibilbidea.
Hala, "X-Men" ekoizpen arrakastatsuak leku bat egin zion Hollywoodeko ortzi izarreztatuan. Mistique pertsonaiak, ordea, ez zuen bere aurpegia oso ezagun egin, prexixo-prexixo. Zaila baitzen, zinez, aipatu filmean gainean zeramatzan makillaje eta protesi urdin ilun horien guztien atzean Rebeccaren irudi ederra irudikatzea. Hala eta guztiz ere, John McTiernan interesgarriak rol esanguratsua eskaini zion "Rollerball" gordinean. Egun, berriz, bi film ezberdinetan ikus dezakegu geure zinema aretoetan: "X-Men 2" hantustetsuan eta Brian De Palma iradokitzailearen "Femme Fatale" thriller makurrean.
Antonio Banderas "latin lover" espainiarra maitemintzen duen emakume argi, sentsual eta arriskutsu baten larruan ageri zaigu Rebecca, hain juxtu, De Palmaren azken film horretan. Bere interpretazioak laudorio askorik jaso ez duen arren, "Femme Fatale" umelak benetako "sex-symbol" bihurtu du aktore ilehoria. Aurki, Robert De Niroren ondoan ikusiko dugu "Godsend" beldurrezko filmean.
Rebeccaren bihotzak jabe bat du aspalditik. Duela bost urte John Stamos aktorearekin —"Padres Forzosos" telesaileko izarretariko bat—ezkondu baitzen, eta  euren arteko maitasun harremanak osasun ezinhobea duela dirudi—. Zurrumurru sentsazionalistenen arabera, baina, Rebeccaren gorputzak ez omen du jaberik. Ohez ohe apurtutako bihotzak kolekzionatzen dituen "femme fatale" gisa erretratatzen baitute prentsa arrosako mingain zorrotzenek. Tentazio ilehoriaren itzulera ote?

Nortasun Agiria
Izena: Rebecca Romijn-Stamos.
Jaioteguna: 1972-XI-6
Jaiolekua: Berkeley (Kalifornia).
Senarra: John Stamos aktorea.
Janaririk gustukoena: Hanburgesa.
Bizio bat: Haagen-Dazs izozkiak.
Filmik maiteena: "Cabaret" (Bob Fosse).
Telebista saiorik gogokoena: "South Park".
Pertsonaia historiko bat: Marilyn Monroe.
Musikaririk estimatuenak: Radiohead eta Nina Simone.