Realkiller gamerrak eskuratu du garaipena Klikazank txapelketan

Realkiller gamerrak eskuratu du garaipena Klikazank txapelketan Bilboko Euskararen Etxean bildi ziren zortzi finalistak Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako ekimenari amaiera emateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/realkiller-gamerrak-eskuratu-du-garaipena-klikazank-txapelketan/@@download/image/gamerauntsia-klikazank-2023-rocket-league-txapelketaren-final-handia-p_iqw0daw-g-1280x720-2h46m44s.png
2023/05/26

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Bilboko Euskararen Etxean bildi ziren zortzi finalistak Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako ekimenari amaiera emateko.
Realkiller gamerrak eskuratu du garaipena Klikazank txapelketan

Rocket League-ko trebeena Realkiller izan da Klikazank Bilboko Gamerren Lehian. Zortzi finalisten artean Realkiller bilbotarra nagusitu zen norgehiagoka estuaren ostean. Beste finalistak honakoak izan ziren: Enaitz_18_, Oro, Txina23, G4rra18, Bullkiller, Juanpablor-sofir eta AthletikXD lehiakideek parte hartu zuten final laurdenetatik hasita.

Partidak Euskararen Etxean jarraitzeko aukeraz gain, Game Erauntsiaren Twitch katetik ere eskaini zen:

Bakoitzak bere gustuko aginte mota hartuta, tentsioa nagusi zen lehia bakoitzaren hasieran: hainbat minutu behar izaten zituzten kamera eta kontrolak nahi bezala konfiguratzeko eta entrenamendu modalitatean probak egiteko. Xbox-eko, PlayStation-eko nahiz Switch-eko aginteak ikusi ahal izan ziren, baina baita teklatuak eta saguak ere: azken horiekin lortu zuen garaipena Realkillerrek.

Txapeldunek sari handiak eraman dituzte etxera. Realkiller irabazleak bideojokoak erosteko 150 euroko opari txartela eskuratu zuen; txapeldunordeak, aldiz, 50 euroko txartela irabazi zuen.

Klikazank Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren eskaintza barruan kokatzen den ekimena da. Harrapazanken helburu nagusia gazte bilbotarren artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu.

Aurten 10 eta 16 urte bitarteko bilbotarrek parte hartu dute Klikazanken. Finalean mutilak bakarrik ikusi baditugu ere, izena eman duten 89 parte hartzaileen artean neskak ere egon dira, eta beste behin, argi geratu da bideojokoak euskaraz ere gozatu daitezkeela.