Ray Fernandez: "Kabaretaren eta festa kuttunen animalia naiz"

Ray Fernandez: "Kabaretaren eta festa kuttunen animalia naiz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ray-fernandez-kabaretaren-eta-festa-kuttunen-animalia-naiz/@@download/image/dsc05596_1426065019.jpg
2015/03/11
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Euskal Herriarekin maiteminduta dago Ray Fernandez, baina batez ere euskal jendearekin. Guztira zortzi kontzertu bilduko dituen hiru astetako biran murgilduta dago egunotan. Horren baitan bisitatuko du Gernikako Lekuek jaialdia.


‘El conflicto de la lengua’ abestian diozunaren arabera, euskara hiztegi txinatarrarekin ikasten ari zara?


Inolaz ere ez! Euskara ikastea lan handia dela adierazteko erabili nuen txistea izan zen, baina adi! Ikaragarri gustuko dut, txinera, japoniera edo errusiera bezala. Eta serio ari naiz, bertsolarien artea bereziki maite dut, gainera!

Plateruenan Igor Elorzarekin ikusi zaitugu, baina, Fermin Muguruza ere ezagutu duzu, ezta?

Igor Elorzarekin eta Ines Osinaga Durangoko Plateruenan agertokia konpartitzeko ohorea izan nuen, beti eskertuko diet, bereziki gozatu bainuen kontzertu harekin. Fermin Muguruza aldiz, Zarautzen ezagutu nuen, nik egin nuen bigarren kontzertuan. Fitxatuta nuen, Kuban errespetu eta estimu handiko artista baita, eta bere gertutasunak harrituta utzi ninduen, bere mailako musikarien artean ez baita ohikoegia… Ez sekula aldatu Fermin!

Nola sentitu zara Euskal Herrian?

Egia esan, Habanan izututa utzi ninduten euskaldunak entretenigarriak ez zinetela esan zidatenean, ez omen zarete mugitzen… Baina hona iritsi naizenean konturatu naiz oker zeudela; oso atseginak zarete eta martzialki alaiak, gainera!. Kontzertuetan jendeak dantzatzen du, koroak abesten ditu eta barre asko egin du! Zuen artean oso ongi sentitzen naiz eta Euskal Herria faltan botako dut!

Kuban bizi diren hainbat euskaldunekin ere harreman estua duzula jakin dugu. Nolatan?

Kuban ez dut sekula Aberri Egunik galtzen. Harremana hainbat lagun euskaldunekin hasi zen, ostegunero Musika Etxean dudan koadrilarekin. Bertan San Ferminetan jotzeko eskatu zidaten, eta ondoren, harreman estua izan genuen, dirurik ikusi gabe.... Ustiatzaile hutsak dira! Kar, kar.

Guztira zortzi kontzertu eskainiko dituzu hiru astetan, eta orain biraren erdian zaude. Nola daramazu?

Izugarri gaizki, klimagatik bate ere. Eskerrak harrera ikaragarria izan den, eta kontzertuetan aretoak bete ditugula! Baina, noski, ardo eta janari ona maite dut, behar bezala erretzea, eta berriketan ibiltzea, beraz, ez dut atsedenik hartzen. Euskal Herrian grabatu behar dudan hurrengo diskoaren izena aukeratu dut dagoeneko: ‘Al que fuma, bebe, y canta, se le jode la garganta!’.

Gernikako Lekuek jaialdian ariko zara bihar. Zer nahiago duzu areto handiak hala intimoak?

Duela hiru urte Manu Chaok Galiziara gonbidatu gintuen eta 12.000 lagunentzako jo genuen Repercusión jaialdian. Habanan 500 lagunentzako plazatan jo dugu, eta egia esan, formatu txikiko kontzertuak gustuko ditut konplizitatea nabari denean. Kabaretaren eta festa kuttunen animalia naiz.

Abesten hasi aurretik idazlea zinen. Noiz eta nola erabaki zenuen agertokietara igotzea? Oker ez bagaude, lagun batek du errua…

Poema luze eta txarrak idazten nituen, eta lagun batek poesia bertan behera utzi, edo idazten nuenari musika jartzea gomendatu zidan, eta kasu egin nion. Hala ere, azpimarratu beharra dago lagun hori ni baino poeta makalagoa zela, eta gizajoak poesia utzi eta Varaderoko hotel bateko tabernan lanean amaitu zuen. Bizitzaren isekak...

Kritika nagusi da zure hitzetan, zein da zure inspirazio iturri nagusia?

Egunero altxatzen naizenean datorkit inspirazioa, nire herrikideen poz eta penak ikusterakoan. Herri alai eta sakrifikatua da, Habanako Malecón harresian musak biluzik bainatzen dira, kantuz, amodioz eta desamodioz, umorez eta isekaz, eta aldarrikapen eta baieztapen iraultzaileez  estaliko dituen koblakariaren zai...