Rapa ardatz duen haur eta gaztetxoentzako 'Hamalau' disko-liburua argitaratu dute

Rapa ardatz duen haur eta gaztetxoentzako 'Hamalau' disko-liburua argitaratu dute Jon Eyherabide musikagileak eta Xabier Sagasta Lacalle marrazkilariak egin dute lana. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rapa-ardatz-duen-haur-eta-gaztetxoentzako-hamalau-disko-liburua-argitaratu-dute/@@download/image/hamalau.png
2022/11/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Jon Eyherabide musikagileak eta Xabier Sagasta Lacalle marrazkilariak egin dute lana.
Rapa ardatz duen haur eta gaztetxoentzako 'Hamalau' disko-liburua argitaratu dute

Gatuzain argitaletxeak Hamalau liburu ilustratu eta diskoa kaleratu du,  haur eta gaztetxoei zuzenduta. Gainbehera ekonomikoen ondotik, bere aitak deabruari saldutako semearen istorioa kontatzen du liburuak. Ataka horretatik askatzeko, urte bateko iniziazioa biziko du haurrak eta bidean aurkitutako abere laguntzaileek itxuraldatzeko ahal magikoak eskainiko dizkote. Sortzaileen hitzetan, "Hamalauren abenturak mendeetan aho-belarriz transmitituak izan dira eta gero idatzira pasatu. Europa osoan atzematen diren ipuin honen bertsioetan, aipagarria da euskarazkoa, ederra eta ongi osatua. Ipuina xamanismoko kontakizun gisa uler daiteke. Bizitzarako aholku emaile ere izan daiteke aldi berean". 

Diskoari dagokionez, ahoz aho kontatutako milurteko ipuina azalberritzea izan dute helburu, gaur egungo errimez eta rapaz jantzirik. Musde Pillikezek, Jon Eyherabidek, sanpleatu eta sortutako musika dute kantuek, eta dantzarako bide ematen duten erritmo bizi-biziak dituzte abestiek oinarri. Xabier Sagasta Lacallek sortu ditu marrazkiak.

Berrogei orri inguru ditu disko-liburuak eta hamalau euroan dago salgai.