Raoul Hausmannen argazkiak, Zarauzko Photomuseumen ikusgai

Raoul Hausmannen argazkiak, Zarauzko Photomuseumen ikusgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/raoul-hausmannen-argazkiak-zarauzko-photomuseumen-ikusgai/@@download/image/20117151091Hausmann_II.jpg
2012/12/13
berria
Raoul Hausmannen argazkiak, Zarauzko Photomuseumen ikusgai
Alemaniarrak 1927 eta 1957 urte bitartean egindako 50 ale biltzen ditu erakusketak, hiru zatitan banatuta. Uztailaren 19tik aurrera bisita daiteke, irailaren 11ra arte.

Raoul Hausmannek Berlinen sortutako dadaista bilgunearen inguruan hasi zuen bere ibilbidea, baina ez dago garai hartako irudirik, 1927ra arte ez baitzen argazkilaritzan jardun buru-belarri. Hain justu 1927 urte hartatik 1957ra bitarteko lanak daude ikusgai Zarauzko Photomuseumen.


Erakusketa osatzen duten hiru zatietarik lehenak argazki-muntaiak ditu ardatz, izan ere, Hausmannen lana gaur egun hain baliotsu egiten duena Begirada Dispertsuaren teknika da, collage mental-grafikoak. Batetik, 1931 urtean zehar A bis Z izeneko magazinean argitaratu zituen aleak ikus daitezke, eta bestetik, 1932ko Ombres (itzalak) argazki seriea.

Bigarren zatia eta erakusketako handiena irudiz jositako argazki saiakera bat da. 1926 urtean Hyle izeneko eleberria idazten hasi zen egile alemaniarra, eta obra hura ilustratuko zuten irudiak behar zituen. Argazkiek objektuak, akzioak, erretratuak, paisaiak, landareak, bilutsiak, arkitektura… dute hizpide.

Hirugarrenik eta erakusketa borobiltzeko, Hausmannen lan berantiarrenak ere ekarri dituzte, fotocollagera bueltatu zenekoa. Garai honetan aurreko hamarkadan egindako argazkiak berreskuratu eta bere historia biziberritu zuen horretarako urratuak edota ebakiak erabilita.

Argazkigintzaren maitaleek maisuaren lana ezagutzeko aukera dute, beraz, uztailaren 19tik irailaren 11ra arte Zarauzko Photomuseumen.


Hausmannen lekuak


Bere argazkiak, 1933 urtera arte Berlinen, Sylt irlan eta Itsaso Baltikoan kokatu zituen. Ondoren, erbestean, 1933tik aurrera, Ibizan; baita ihesean zihoala Pragan eta Parisen ere. Gerra ostean, Limogesen bizi izan zen eta bertan egin zituen bere lanak, azken egunera arte.