Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' eleberriaren irakurketa egingo dute Bilbon

Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' eleberriaren irakurketa egingo dute Bilbon 200 lagun inguruk parte hartuko dute asteazkenean Arriaga antzokian egingo den irakurketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ramon-saizarbitoriaren-martutene-eleberriaren-irakurketa-egingo-dute-bilbon/@@download/image/saizarbitoria.jpg
2022/06/06

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

200 lagun inguruk parte hartuko dute asteazkenean Arriaga antzokian egingo den irakurketan.
Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' eleberriaren irakurketa egingo dute Bilbon

Bilbo Zaharra euskaltegiak ekainaren 8rako antolatutako Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamabosgarren edizioan Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobela irakurriko dute, Arriaga antzokian, goizeko zortzietatik eguerdiko ordubietara. Saizarbitoriak berak irakurriko ditu liburuaren lehenengo lerroak, ekimenari hasiera emanez. Jarraian beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan: kultur eta gizarte eragileak, ikasle eta irakasleak, erakundeetako ordezkariak, elkartekideak... Bilboko institutuetako ikasleek ere euren ekarpena egingo dute, eta gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Euskarri digitalean grabatutako pasarteak izango dira. Diasporako 50 euskal etxek ere parte hartuko dute modu birtualean.

Martutene 2012 urtean plazaratu zuen idazle donostiarrak. Bi bikoteren harremanak kontatzen ditu, atzerritar neska gazte bat tarteko, eta Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago. Hainbat arlo jorratzen ditu Saizarbaitoriak eleberri honetan: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka besteak beste. Euskadi Saria jaso zuen eta kritiko zenbaiten arabera, euskal literaturaren azken aroetako eleberri onena da. 

Antolatzaileen hitzetan, "Martutene garai oso bati (1989tik 2012ra hedatzen den aroari) amaiera ematen dion eleberria da. Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, bortizkeriarena, gastronomikoa, artistikoa, musikakoa eta abar".

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunearen bidez ere. Bestalde, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa ere izango da ikusgai egunotan.

Hitzaldiak gaur eta bihar
Bilbo Zaharra Euskaltegiak hitzaldiak ere antolatu ditu liburuaren inguruan. Otsailean izan zen lehen txanda eta egunotan beste bi eskainiko dira. Horrela, gaur, Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hartuko dute parte eta, bihar, Laura Mintegi eta Ur Apalategi arituko dira. Solasaldiak Plaza Barrian dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira, 19:00etan.